Gizartea -
Osasun alerta
Hiru hildako eta bost abortu eragin ditu listeriak alerta ezarri zenetik
Bestalde, Sevillako Udalak Magrudisen aurkako salaketa aurkeztu du, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita, eta enpresa horren faktoria zigilatu du
Agentziak | Erredakzioa
Bi aste igaro dira jada Sevillako Magrudis enpresak ekoiztutako “La Mecha” markako produktu batzuetan listeria agertu izanaren alerta ezarri zuenetik Andaluziako Gobernuak, eta, egun hauetan, hiru pertsona hil dira eta haurdun zeuden bost emakumek umea galdu dute. Horrez gain, kutsatutako haragia jan duten 204 pertsona artatu dituzte.
Ostiral honetan jakin denez, Sevillan ospitaleratutako bi haurdunek haurtxoak galdu dituzte zortzi eta 32 asteko haurdunaldietan, eta haragia jan eta Madrilgo ospitale batean zegoen emakume batek ere abortua izan du haurdunaldiko lehen hiruhilekoan, listeriosiaren ondorioz.
Bestalde, Sevillako Udalak Magrudisen aurkako salaketa aurkeztu du Fiskaltzaren aurrean, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita, eta enpresa horren faktoria zigilatu du, El Pino poligonoan.
Sevillako Udalak ohar batean azaldu duenez, “zantzu nahikoak daude” egiaztatzen dutenak enpresa horrek ez diela osasun alertari erantzuteko beharrezkoa den informazio guztia eman erakundeei, eta ikerketarako beharrekoak diren banaketa eta merkaturatze zerrendak ezkutatu ditu. Horrenbestez, Mninisterio Publikoaren aurrean salaketa aurkeztea erabaki dute.
Magrudisen jarduera "guztia" etenda dagoen bitartean, haren faktoria "zigilatuta geratuko da, baita hozkailu-ganbera ere, non kontsumo ikuskatzaileen begiradapean, banatzaileek eskuratutako produktuak itzuli dituzten azken egunetan", Udalak adierazi duenez.