Gizartea -

Alemania

Bidaiari baten 'hutsegiteak' 200 hegaldi utzi ditu bertan behera Munichen

Segurtasun kontrola gainditu duten bidaiariak soilik sar daitezkeen ate batetik pasatu zen galduta zihoan gaztea. Ateak zabaltzeko, botoi bat sakatu zuen, eta berehala segurtasun alarmak jo zuen.

Argazkia: PIXABAY CC0
200 hegaldi bertan behera utzi ditu Munichen bidaiari baten 'hutsegiteak'
Argazkia: PIXABAY CC0

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Municheko aireportuko aireko zirkulazioa normaltasunera itzuli da asteazken honetan, bart izandako anabasaren ondotik. Galduta zebilen gazte espainiar batek segurtasun kontroleko botoi bat sakatu zuen, eta 200 hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten nahigabeko "hanka-sartze" horrengatik.

Aireportuko iturriek jakinarazi dutenez, hegaldi guztiak garaiz atera dira gaur, atzoko gertaera "erabat konponduta" dagoelako.

Esan bezala, 200 hegaldi utzi zituzten bertan behera atzokoan. Guztira, 1.800 bidaiarirengan izan zuen eragina horrek. Horietatik 1.000 inguruk aireportutik gertu dauden hoteletan igaro dute gaua, eta gaur hartuko dute hegaldia Munichen bertan.

Segurtasun alarma Bangkoketik iritsitako gazte batek piztu zuen. Alemaniara heldu zenean, Madrilera eramango zuen bigarren hegaldi bat hartu beharra zeukan, baina lotura egitera zihoanean, galdu egin zen.

Kontrako noranzkoan oinez hasi eta segurtasun kontrola gainditu duten bidaiariak soilik sar daitezkeen ate batetik pasatu zen. Horretarako, baina, aurretik botoi bat sakatu zuen, ateak zabaltzeko asmoz.

Berehala, segurtasun alarmak jo zuen, Schengen zonatik kanpo heldutako bidaiari bat, kontrolik gainditu gabe, bertan sartu zelako.

Hori jakinda, Municheko bi terminal jendez hustu zituzten, segurtasun protokoloa betez. Ondorioz, hainbat hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Alemania Gizartea Eguneko albisteak Albisteak