Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Barakaldoko bortxaketa saiakeragatik atxilotutakoa, epailearen aurrean
28 urteko gizonezkoak bigarrenez deklaratu du gaur, haren atxiloaldia luzatzea erabaki baitzuen epaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldoko bortxaketa saiakeraren harira asteburuan atxilotutako 28 urteko gizonezkoa epailearen aurrera eraman dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Atzo, epaileak haren atxiloaldia gaur arte luzatzea agindu zuen.
Ustezko erasotzailea atzo arratsaldean eraman zuten epailearen aurrera, eta magistratuak bere atxiloaldia luzatzeko agindu zuen. Ondorioz, atxilotutakoa ertzain-etxera eraman zuten, eta han eman du gaua.
Erasoa larunbat gauean, 22:20 aldera, gertatu zen Carrefour eta Dia merkataritza-guneak lotzen dituen biribilgunearen inguruan. Erasotzailea emakumearengana gerturatu eta bortxatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Borrokan aritu ostean, gizonak ezponda batetik behera bota zuen emakumea eta ihes egin zuen.
Biktimak salaketa jarri zuen, eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen igande arratsaldean Trapagaranen. Atxilotutakoak aurrekariak ditu beste sexu eraso batzuengatik.
Atzo elkarretaratzea egin zuten Barakaldoko Herriko Plazan bortxaketa saiakera gaitzesteko. _________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.