Gizartea -
Listeriosia
Listeriosi kasuen kopurua beheraka egiten hasi da, Osasun Ministerioaren arabera
Bestalde, lehen kasua antzeman dute nazioartean. Sevillan egon zen gizonezko ingeles bat gaixotu da kutsatutako okela jateagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Luisa Carcedo jarduneko Osasun ministroak esan du 'La Mecha' markako okela kutsatua jateagatik gaixotutako lagunen kopurua beheraka egiten hasi dela. Egun, ia 200 pertsona daude kutsatuta eta beste balizko 90 kasu ikertzen ari dira.
Gaur arratsaldean bilera egin dute Osasun Ministerioan listeriosiaren agerraldiak eragindako krisiaren aurrean hartutako neurriak aztertu eta datozen egunetan eman beharreko urratsak erabakitzeko. Autonomia erkidego guztietako osasun arduradunak ere bertan izan dira.
"Bilera honen asmoa sailburu guztiekin informazioa partekatzea da. Eta informazio horren arabera, egunez egun antzematen diren kasuak gutxiago dira. Egin beharrekoa koordinatzeko bilera da", adierazi du Carcedok batzarra hasi aurretik.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak hartu du parte bileran. Euskal Autonomia Erkidegoan kutsatutako okelaren loterik zabaldu ez dela eta, oraingoz behintzat, inolako kasurik antzeman ez dela azaldu du Berraondok.
Bestalde, Fernando Simon osasun larrialdiak koordinatzeko Estatuko zentroko zuzendariak jakinarazi du lehendabiziko listeriosi kasua antzeman dutela nazioartean. Gaixotutako laguna Erresuma Batuko gizonezko bat da. Sevillan egon zen oporretan eta kutsatutako okela jan zuen.