Gizartea -

PROTESTA

300 pertsona inguruk kontzentrazioa egin dute zezenketen aurka, Bilbon

Txistu hotsak eta irainak izan badira ere, ez dira aurreko urteetan zezenketen aldekoen eta kontrakoen artean izandako liskarrak errepikatu.

Zezenketen aurkako protesta Bilbon. Argazkia: EFE
Zezenketen aurkako protesta Bilbon.
Zezenketen aurkako protesta Bilbon. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 pertsona inguruk kontzentrazioa egin dute larunbat arratsalde honetan Bilbon, zezenketen aurka. Ametzola plazan izan da protesta, Vista Alegre zezen-plazaren inguruetan, eta deitzaileek zezenketekin amaitzeko eta Vista Alegre botatzeko eskatu diote Udalari.

Zezenak ikustera zihoazenak bertatik igarotzean txistu hotsak eta hainbat irain izan dira: "hemen torturatu egiten da", "lotsa", "lau ardo geratzen zaizkizue"... eta antzeko esaldiak bota dizkiete zezenketen aurkakoek eta irain batzuk ere izan dira beste aldetik ere, baina aurreko urteetan ez bezala, aurten ez da liskarrik izan zezenketen aldeko eta kontrakoen artean.

17:00etan hasi da Bizkaiko Kolektibo Antitaurinoak deitutako protesta eta 18:00etan, zezenketa hasi denean, Plaza Biribilera mugitu dira, eta omenaldia egiten diete Aste Nagusi honetan "toreatuko dituzten 54 zezenei".

Kolektiboko ordezkariek azaldu dutenez, aurtengo protesta une erabakigarrian dator. Izan ere, Udalak "15 urteko alokairu kontratua sinatu nahi du hemendik gutxira, beste 5 urtez luzatzeko aukerarekin, gainera".

Kontratu horrek "irregulartasunak" dituela salatu dute eta "bide administratibotik errekurritu" dutela jakinarazi dute. Bide hori agortuz gero, Justizia auzitegietara joko duela ere gehitu dute.

"Tauromakiak ez du lekurik garai berri hauetan, ankerra eta bortitza delako" esan dute eta Bilboko Udalari beste alternatibak bilatzeko eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak