Gizartea -
Kutsatutako haragia
EAEn listeriosi kasurik ez dela antzeman baieztatu du Eusko Jaurlaritzak
Abuztuaren 16an, elikagaien zaintza sarearen alerta piztu zen Estatu osoan, Andaluzian hasitako listeriosi agerraldiaren ondoren. Osasun Sailak lasaitasun mezua zabaldu du.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) listeriosi kasurik ez dela antzeman baieztatu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzak. Testuinguru horretan, lasaitasun mezua luzatu de Osasun Sailak herritarrei, izan ere, kutsatutako haragiaren sortarik ez dela zabaldu ziurtatu du.
Abuztuaren 16an, elikagaien zaintza sarearen alerta piztu zen Estatu osoan, Andaluzian hasitako listeriosi agerraldiaren ondoren. Zehazki, kutsatutako haragi metxatuak eragin du listeriosi agerraldia, eta 80 pertsona baino gehiago kaltetu dira dagoeneko. Horren ondorioz, urteko bataz besteko kasuak nabarmen igo dira.
Dena dela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lasaitasun mezua zabaldu du, eta EAEn ez dela listeriosi kasurik antzeman baieztatu du. Ildo horretatik, Euskal Herrian ez dela kutsatutako haragiaren sortarik zabaldu nabarmendu du.
Gainera, beste Autonomia Erkidego batetik etorritako norbaiti eritasuna antzemango baliote, kasuan kasuko protokoloa aktibatuko luketela adierazi du gaur Osasun Sailak. Horrenbestez, Euskadik duen zaintza epidemiologikoaren sarea martxan jarriko litzateke, eta, jarraian, gaixotasuna transmititzeko arriskua duen elikagai hori tratatzeko protokoloa martxan jarriko litzateke.
90 urteko emakume bat hil da Andaluzian, infekzioak jota
Listeriosi agerraldi honek bere lehen heriotza eragin du Andaluzian. Izan ere, 90 urteko emakume bat hil da Sevillan, infekzioak jota. Guztira, 114 kasu antzeman dira Espainian, gehienak Andaluzian, eta horietatik, 53 ospitalean daude oraindik. Gainera, listeriosi kasu berriak aztertzen ari dira Katalunian, Tenerifen eta Segovian.
Extremaduran, infekzio honengatik ospitaleratu zituzten beste bost gaixori alta eman diete gaur. Madrilen ere alta eman diote infekzioak jota ospitaleratu zuten herritar bati.
Haurdun dauden emakumeentzat oso arriskutsua da listeriosia, izan ere, karena urratu dezake eta abortua, fetuaren heriotza, erditze goiztiarra edo infekzio larriak eragin ditzake.