Gizartea -
Azken 14 urteetan
Epaileek 121 erasotzaile matxistari kendu diete seme-alaben zaintza Bizkaian
2005etik 2018ra, auzitegiek adingabeentzako 256 babes neurri ezarri dituzte genero indarkeriagatik Bizkaian.
Agentziak | Erredakzioa
Azken 14 urteetan, Bizkaiko auzitegietan 121 gizoni kendu diete euren seme-alaben zaintza, emakumeen aurkako indarkeriagatik. Kasu horietan, adingabeen amen kontrako indarkeria ekintzak egin zituzten, Bizkaiko Genero Indarkeriari buruzko Behatokiak emandako datuen arabera.
2005etik 2018ra, epaileek adingabeak babesteko 256 neurri ezarri dituzte genero-indarkeriagatik Bizkaian. Horien % 47,3 (121 kasu) zaintza bertan behera uztea eragin dute. Agindu judizialen % 30,5 (78 kasu) adingabeak babesteko neurriak dira.
Hartutako neurrien % 19,9 bisiten erregimena bertan behera uzteari buruzkoak dira (51 gizoni eragin diete), eta aginduen % 2,3k bertan behera utzi dute guraso-agintea (6 kasu).
Amari tratu txarrak egin zizkioten adingabeak babesteko 13 neurri hartu zituzten 2018an zehar. Bederatzi kasutan, zaintza bertan behera utzi zuten; bitan, adingabea babesteko neurriak hartu zituzten; batean, bisiten erregimena bertan behera utzi zuten, eta beste batean, guraso-agintea ezeztatu zuten.