Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Getxon, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita
Ustezko erasotzailea baldintzapean aske geratu da epailearen aurrean deklaratu ostean. Udalak elkarretaratze instituzionala deitu du astearte honetarako, 12:00etan, udaletxeko eskaileretan.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Getxon, Algortako etxebizitza batean adin txikiko neska bati sexu-erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astelehen honetan jakitera eman duenez.
Larunbateko 05: 30 aldera atxilotu zuten ustezko erasotzailea, eta erasoa jasan zuen emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak ez du horren inguruko datu gehiagorik eman.
Gizonezkoa baldintzapean aske geratu da epailearen aurrean deklaratu ostean.
Udalaren adierazpen instituzionala
Udal talde guztiek aho batez adostu duten adierazpen instituzional batean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "gaitzespenik irmoena" agertu du, eta "genero desberdintasunean oinarritutako jarrera sexista guztiak" deitoratzen dituela azpimarratu du.
Gainera, Bozeramaileen Batzordeak "elkartasuna" adierazi dio erasoa jasan duen adingabeari, eta, aldi berean, babesa eskaini dio. "Berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lanean" jarraituko duela jakinarazi du Udalak, "zeinean emakumeek askatasunez erabaki ahal izango duten norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten harreman sexualak, eta non, azken batean, bere borondatea erabat errespetatua izan dadin".
Halaber, Bozeramaileen Batzordeak getxotar guztiei dei egiten die "emakumeen kontrako eraso ororen aurka egin dezaten eta emakumeak iraintzen dituzten eta eraso sexistak bultzatzen dituzten jarrerak onar ez ditzaten”.
Udalak elkarretaratze instituzionala deitu du astearte honetarako, abuztuak 13, 12:00etan, udaletxeko eskaileretan, eta dei egin die herritarrei egun berean bilera egiteko, 19:30ean, Telletxe kaleko puntu morean.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.