Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Eneko Goia: 'Azken bi urteotan gorakada izan da sexu-delitu kopuruan'
Donostiako alkateak, hala ere, azpimarratu du hiriak ez direla "inseguruagoak", beste delitu batzuetan ez dagoelako halako gorakadarik.
Eneko Goia Donostiako alkateak uste du sexu-delituei aurre egiteko ez dela nahikoa "segurtasunaren ikuspuntutik lan egitea. Beharrezkoa da herritarren inplikazioa eta konpromisoa". "Azken bi urteotan gorakada izan da sexu-delitu kopuruan", aitortu du Goiak, nahiz eta azpimarratu hiriak ez direla "inseguruagoak".
Bestalde, tasa turistikoa defendatu du, "lagun dezaketen baliabideak sortzea" ekarriko lukeelako. Gainera, udalean "aho batez, kolore politiko guztiek", babesten duten neurria dela azpimarratu du. Horregatik, ez du ulertzen ezin martxan jarri ahal izatea: "Beti babestu dugu ezin dela tasa mota hori inposatu, baina egin nahi duten udalei egiten uztea".
Donostiako Harrera Sarearen balantzeari buruz galdetuta (geroz eta etorkin gehiago daude kalean), "erantzuteko baliabideak" badaudela esan du: "Uda honetan erabaki dugu Gaukok irekita jarraitzea, eta ez da betetzen ari". Hala ere, arazoa "sakonekoa" dela pentsatzen du.
Moraza kaleko eraikina ixtearen eta baliabiderik ez duten pertsonen artean ez omen dago harremanik: "Osasun publiko arazoa da, eta segurtasun arazoa".
Donostiako alkateak uste du AHT "2022-2023rako" egongo dela hirian, "arazorik ezean", baina "euskal Y-a amaitzea" da "kezkatzen" duena.
G7ren bilera geroz eta gertuago, Goiak esan du Donostiarentzat "kezka nagusia muga ixtea eta horren ondorioak" izango direla. Arazo horiei eman beharreko erantzuna prest omen dute.