Gizartea -

Elkarretaratzea Bilbon

Feministak: 'Sistemaren bermeak bortxatzaileentzat dira, ez biktimentzat'

Betaurreko Moreak elkarte feministak hilabete bakoitzeko aurreneko astelehenean egin ohi duen elkarretaratzean jende gehiago bildu da gaur.

Elkarretaratzea Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratzea Bilbon. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, epaileei neurri gogorragoak har ditzatela eskatzeko

1:01

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute Bilbon, hilketa matxistak eta bortxaketak salatzeko, Betaurreko Moreak elkarte feministak deituta. "Sistemaren bermeak bortxatzaileentzat dira, ez biktimentzat", kritikatu dute.

Elkarte feministak hilabete bakoitzeko aurreneko astelehenean egin ohi duen elkarretaratzean jende gehiago bildu da gaur. Grabazio batean indarkeria matxistak aurten Espainian hildako emakumeen izenak entzun dituzte isilean, baita krimen horien inguruabarrak ere.

"Terrorismo matxista" salatu du elkarteko bozeramaile batek, eta hilabete eskasean Bilbon hiru bortxaketa izan direla gogorarazi du (horietako bi taldean egin dituzte).

Horien artean, 18 urteko neska bati ostegunean, Etxebarri parkean, egindako sexu-erasoa aipatu du. Bi gizon espetxeratu dituzte, baina beste lau atxilotuak libre utzi ditu epaileak, karguekin.

"Lau bortxatzaile aske daude inpunitate osoarekin, justiziaz eta gutaz barre egiten"

"Lau bortxatzaile aske daude inpunitate osoarekin, justiziaz eta gutaz barre egiten, bitartean Ertzaintzak bakarrik ez ibiltzeko eta ezkutatzeko eskatzen digu; sistema honen bermeak bortxatzaileentzat dira, baina ez biktimentzat", kritikatu du kolektiboko bozeramaileak. Halaber, "emakumeen erabateko babesik eza" salatu du.

Bilboko Moyua plazan egin dute elkarretaratzea, "Indarkeria matxista, aski da" lelopean.

Manifestari batzuek lelo hauek erakutsi dituzte: "Isiltasuna konplizea da", "Indarkeria matxista gehiagorik ez" eta "Sexu-eraso gehiagorik ez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Matxismoa Feminismoa