Gizartea -
Beste polemika bat
Stephen Hawking: 'Ez dago zerurik, ipuin bat besterik ez da'
The Guardian egunkarian egin dioten elkarrizketa batean, zientzialari ezagunak Jainkoa ez dela existitzen berretsi du. Zeruaz, berriz, "jendea heriotzaren beldur izateko ipuina" dela esan du.
Erredakzioa
Stephen Hawking zientzialari, kosmologo, fisikari eta dibulgatzaileak berriro errefusatu du Jainkoa existitzen dela eta zeruaren ideia erlijiosoa kritikatu du.
Hawkingek, The Guardian egunkarian egin dioten elkarrizketa batean, ukatu egin du, berriro, heriotzaren ondoren zerbait dagoela. Bere ustez, "jendea heriotzaren beldur izateko ipuina besterik ez" da hori.
Zientzialari ezagunak azpimarratu du burmuinak azken astindua egiten duenean amaitzen dela dena, ez dagoela ezer haratago.
Hawkingi esklerosia diagnostikatu zioten 21 urte zituenean eta horrek heriotzaren inguruan gogoeta sakonak egitera eta horren inguruan idaztera eraman du. "Heriotza azkar iritsiko zaidala pentsatuz bizi izan naiz azken 49 urteetan. Ez naiz heriotzaren beldur, baina ez dut hiltzeko presarik. Gauza asko ditut egiteko hil aurretik", zientzialariak azaldu duenez.
"Burmuina ordenagailu baten berdina dela uste dut eta bere osagaiak gelditzen direnean amaituko dela dena, uste dut ez dagoela ez zerurik ez ezer haratago. Jendea heriotzaren beldur izateko ipuin bat besterik ez dela uste dut", adierazi du Hawkingek egunkari britainiarrean egin dioten elkarrizketan.
2010ean The Grand Design liburua kaleratu zuenean esan zuen unibertsoa ez zuela Jainkoak sortu, eta horrek polemika handia sortu zuen eta buruzagi erlijioso askok teoria horiek salatu zituzten eta gogor jo zuten zientzialariaren kontra.
"Zientziak dio unibertsoak bat-batean sortzen direla ezerezetik. Zoriaren kontu bat da gu bizi garen unibertsoa", esan zuen orduan.
Hawkingek 69 urte ditu eta ezaguna da zulo beltzen, kosmologiaren eta grabitazio kuantikoaren inguruan egin dituen ikerketengatik. 1974tik fisika modernoaren bi oinarriak, Einsteinen erlatibitatearen teoria eta teoria kuantikoa, uztartzeko lanean dihardu.