Gizartea -
Nafarroa
Kontrolpean hartu dute Getzeko txatartegi batean piztu den sutea
18:30 aldera piztu da sua, eta, inguruan sortutako kearen ondorioz, Beriaingo igerilekuan zeuden herritarrak irtenarazi dituzte, prebentzio neurri moduan.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako suhiltzaileek kontrolpean hartu dute igande arratsaldean Getzeko txatartegi batean (Galar zendea) piztu den sutea, Foru Gobernuak jakitera eman duenez. Beriainera iritsi da kea, eta Foruzaingoak leihoak ixteko aholkatu die bizilagunei, etxeetan sar ez dadin.
Suhiltzaileak lanean jarraitzen dute igande gauean, eta pertsona bat Nafarroako Ospitalera eraman behar izan dute, kea arnasteagatik.
18:30 aldera piztu da sua, eta, inguruan sortutako kearen ondorioz, Beriaingo igerilekuan zeuden herritarrak irtenarazi dituzte, prebentzio neurri moduan.
Foruzaingoak, gainera, gune irekietatik aldentzeko eta etxeetan leihoak itxita itxaroteko aholkatu die herritarrei, kea barrura sar ez dadin.
Foru Gobernutik azaldu dutenez, prebentzio moduan erabaki dute Beriaingo igerilekua ixtea, izan ere, haizeak inguru horretara eraman du kea. Alabaina, beste edozein suteko kea bezain toxikoa dela azpimarratu du.
Gainera, haizeak berak kea eremu bakar batean pilatzea galarazi du, eta, ondorioz, herritarrek izan duten arriskua "minimoa" izan da.
Bestalde, SOS Nafarroak Cordovillako suhiltzaileak eta helikoptero bat mobilizatu ditu sua itzaltzeko lanetan laguntzeko.