Gizartea -

Nafarroa

Gizon bat atxilotu dute Lizarran argazkiak webgune pornografiko batera igotzeagatik

Atxilotuak 17 eta 27 urte arteko emakumeen argazkiak eta bideoak igo zituen, horien baimenik gabe, eduki sexualak dituen webgune batera. Guztira, hamaika salaketa jaso ditu Lizarrako Guardia Zibilak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Lizarran eduki sexualen webgune batera hainbat emakumeren argazkiak eta bideoak igotzeagatik horien baimenik gabe. Horrenbestez, sekretua ezagutzearen eta agerraraztearen delitua egotzita diote.

Lizarrako Guardia Zibilak hainbat salaketa jaso zituen ekainean, norbaitek baimenik gabe webgune pornografiko batera emakumeen argazkiak eta bideoak igo zituelako.

Ikerketako datuen arabera, biktima gehienek ustezko egilea ezagutzen zuten; gizona, gainera, horietako batzuen jarraitzailea zen sare sozial batean, eta, antza, sare sozial horretatik lortu zituen webgune pornografikora igotako irudiak eta bideoak.

Guztira, hamaika salaketa jaso ditu Guardia Zibilak. Biktimak 17 eta 27 urte arteko emakumeak dira. Ikerketari esker, Guardia Zibilak Lizarrako gizon baten etxea miatu zuen, epaile batek baimenduta.

Miaketa horretan, agenteek hainbat gailu elektroniko (ordenagailu bat, USB memoria bat eta sakelako telefono bat) konfiskatzeaz gain, ustezko egilea atxilotu zuten, eta epailearen aurrera eraman zuten. Lizarrako Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak aske utzi du, karguekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra