Gizartea -
Madalen eguna
Bermeok XVI. mendeko Tribis baserriaren teila itsasora bota du
Aritz Abaroa Bermeoko alkatea hunkituta azaldu da teila botatzearekin; izan ere, "orain arte beste ikuspuntu batetik bizi izan du".
Agentziak | Erredakzioa
Bermeo (Bizkaia) Madalen Eguna ospatzen ari da astelehen honetan. Izaro uhartea protagonista da. Ohiturari jarraituz, Aritz Abaroa alkateak teila bota du itsasora. Aurten XVI. mendeko Tribis baserriaren teila bota dute.
Udalak jakitera eman duenez, besteak beste, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura Foru diputatua eta Izaskun Bilbao europarlamentaria bertan izan dira.
Aritz Abaroa Bermeoko alkatea hunkituta azaldu da teila botatzearekin; izan ere, "orain arte beste ikuspuntu batetik bizi izan du, eta asko disfrutatzen nuen, baina nik teila jaurtitzea oso hunkigarria izan da".
"Guretzat, Madalen Eguna oso egun berezia da, erantzukizun eta urduritasun puntu bat nuela aitortu beharra dut. Oso pozik nago dena oso ondo atera delako. Jai giroa ikustea oso atsegina da, bermeotarrak eta kanpotarrak disfrutatzen ikustea. Madalen Eguna guztiona da", erantsi du.
Izaroko uhartearen ipar-ekialdean dauden mugak markatzeko, Abaroak Tribis baserriko (XVI. mendea) teila bat bota du. Baserria Bermeoko Artika auzoan dago.
"Bermeok historikoki harreman estua izan du itsasoarekin eta lurrarekin, ekitaldi honekin harreman hori goraipatu nahi da. Itsasoa eta lurra, biak osagai garrantzitsuak, biek Bermeo osatzen dutelako. Herriak bederatzi landa auzo ditu, haien garrantzia azpimarratzeko horietako baten teila bota dugu", nabarmendu du Udalak.
Santa Eufemia elizan meza nagusia eman dute 11:00etan. 11:50 aldera Udalbatza Sabino Arana plazan (Goiko Plaza) bildu da. 'Alkate soinua' entzun ondoren portura joan dira kalejiran, Kakinkabara txistu taldearekin. Ibilbidean, Madalen Egunaren zortzikoa jo dute txistulariek.
12:00etan portura heldu dira, eta ondoren Izarora joateko ontziratu dira. Uhartera iritsi direnean, Udalak Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ditu, eta alkateak, ohiturari jarraituz, teila bota du, Bermeoren mugak berretsiz.
13:30 aldera Elantxobera heldu dira. Herriko plazan aurreskua dantzatu da. Aldez aurretik, makila eman dio Elantxobeko alkateak Aritz Abaroa Bermeoko alkateari.