Gizartea -
2018ko txostena
% 44 igo dira sexu transmisiozko infekzioak Euskadin, eta % 25 GIB kasuak
Nekane Murgak iragarri du kanpaina berri bat abiatuko dutela horrelako gaixotasunak "errealitate bat" direla gogorarazteko eta preserbatiboa erabiltzeak duen garrantzia azpimarratzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iaz 1.294 sexu transmisiozko infekzio (STI) diagnostikatu zituzten Euskadin, hau da, 2017an baino % 44,7 gehiago. Gainera, 169 GIB kasu detektatu zituzten, aurreko urtean baino % 25,1 gehiago; sexu harremanen bidez hartutako infekzioak gehienak. Halere, drogak hartzeko erabiltzen diren xiringekin ere kutsatu ziren gaixoetako batzuk.
Horiek dira, hain zuzen, Nekane Murga Osasun sailburuak ostegun honetan Gasteizen aurkeztu duen Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2018ko Txostenean jasotako datuetako batzuk. Aurkezpenean, plan hori kudeatzeaz arduratu den Antonio Arraiza eta Marta Pastor Euskalsida elkarteko presidentea ere izan dira.
Goranzko joera ikusita, Murgak iragarri du kanpaina berri bat abiatuko dutela horrelako gaixotasunak "errealitate bat" direla gogorarazteko eta preserbatiboa erabiltzeak duen garrantzia azpimarratzeko. Izan ere, preserbatiborik ez erabiltzeagatik eta "arriskua hutsaltzegatik" egin dute gora sexu transmisiozko infekzioek zein hiesak, Arbaizak azaldu duenez. Horren hitzetan, berebiziko garrantzia dauka diagnostiko goiztiarra egiteak.
Esan bezala, iaz 169 GIB kasu diagnostikatu zituzten (135 izan ziren 2017an, eta 158, berriz, 2016an). Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko 7,75 kasu detektatu dituztela; Estatuan baino puntu bat gutxiago, baina 2017an Euskadin zenbatutako kasu kopurua baino gehiago (100.000 biztanleko 6,1 ziren orduan).
Aipatzeko modukoa da kasuen % 80,5 gizonezkoak direla, eta kutsatutako pertsonen batez besteko adina 36,7 urtekoa dela. Gizonen arteko sexu harremanen bidez kutsatu dira horien % 56,2, eta harreman heterosexualen bidez, berriz, % 32,6. Gainera, kasuen % 51,5 ez dituzte garaiz diagnostikatu; hots, immunitate-sisteman CD4 zelula kopurua 350etik beherakoa izan aurretik.
Sexu transmisiozko infekzioei dagokienez, Osakidetzak hiru kontsulta ditu: Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 599 chlamyidia kasu, herpes genitalarekin lotutako 156 kasu, 355 gonokoziko infekzio eta 184 sifilis kasu diagnostikatu dituzte kontsulta horietan.