Gizartea -

Desagertzea

Donosti Cupen parte hartu ostean ihes egin duten bi adingaberen bila ari dira

13 eta 14 urteko mutikoak Sierra Leonakoak dira, eta uztailaren 13tik daude desagertuta. Lo egiteko egoitzatik ihes egin zuten larunbatdean, leiho batetik.

Ostatu izan duten Villa Aiditik ihes egin zuten adingabeek. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Villa Alaidi izan dute ostatu Sierra Leonako adingabeek.
Donosti Cupera etorritako Sierra Leonako bi mutiko desagertu dira

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza Sierra Leonako bi adingaberen bila dabil. Gaztetxoak Donosti Cup futbol txapelketan lehiatzera etorri ziren Diamond Child taldearekin, baina etxera itzultzeko eguna iritsi zenean, uztailaren 13an, ohartu zen Anthony Seydu Diamond Child taldeko arduraduna falta zirela. Taldekideak egun horretan bertan itzuli ziren Freetown hiriburura.

Horren aurrean, Seyduk salaketa jarri zuen Donostiako ertzain-etxean. Diamond Child School of Arts and Culture gobernuz kanpoko erakundeak bultzatuko taldea da Sierra Leonakoa. Erakundeak eskola bat du Freetownen, eta bertan bizi dira gatazka armatuaren biktima izan diren adingabeetako batzuk.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, "lur jota" agertu da Seydu. "Lehen aldiz lortu dugu Sierra Leonako ordezkaritza bat hona ekartzea, eta asko kostata, gainera. Txikitatik daude gurekin, eta hazten ikusi ditugu; ez genuen espero", adierazi du, penatuta.

Horren esanetan, txapelketa uztailaren 12an amaitu zen, eta gau hartan antolatzaileek Anoetan antolatutako afarian izan ziren taldekideak; ondoren, lotara joan ziren Antigua auzora, Villa Alaidin egon baitira ostatu hartuta. Seyduren arabera, 02:00ak eta 06:00ak bitartean egin zuten alde, lehen solairuko logela bateko leihotik aterata. "Arrazoiren batengatik, aurrez pentsatuta zuten ihes egitea", azaldu du Seyduk.

Ordutik ez dago gaztetxoen berri. Seyduren ustez, zer topatuko duten jakin gabe ihes egin zuten adingabeek: dirurik gabe, hizkuntza ezagutu gabe, aldean zuten arroparekin... Bi mutikoak lehenbailehen eta onik aurkitu nahiko lituzke gobernuz kanpoko erakunde horretako arduradunak, eta laguntza eskatu du horretarako. Baten batek horien berri izanez gero, beraiei edo Ertzaintzari jakinarazteko eskatu du.

Sierra Leonako taldea eta Palestinako Al-Bustan eta Not to Forget Jenin Camp taldeak Gipuzkoako Batzar Nagusiak emandako dirulaguntza bati esker etorri ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Donostia Ertzaintza Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Umeak