Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Zeuk Esan laguntza zerbitzuak irudia aldatu du adingabeei 'hurbiltzeko'
116 111 telefonoa 'prebentziorako zerbitzu bat' bihurtu nahi dute, ume eta nerabeek egoera zailei aurre egin behar dioten kasuetan eskura izan dezaten.
EITB.EUS
Zeuk Esan zerbitzuaren, Euskadiko haurrei eta nerabeei laguntzeko telefonoaren —116 111—, irudia eguneratu eta ezagutarazteko kanpaina bat abiatuko du Eusko Jaurlaritzak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez. Aldaketaren helburua zerbitzua "neska-mutilengana hurbiltzea da, baliabide hori eskura izan dezaten".
Artolazabalek prentsaurrekoa eskaini du Gasteizen Lide Amilibia sailburuordearekin batera. Sailburuaren esanetan, "116 111 zenbakia ez da bakarrik haur edo nerabeen ahultasun- edo babesgabetasun-egoera baten berri emateko; prebentziorako zerbitzua ere bada, isilpekoa eta konfiantzazkoa eta eraginkorra, ume eta nerabeek egoera zailari, arazo txiki edo handi bati aurre egin behar dioten kasuetan"
Artolazabalek azaldu duenez, "psikologiako edo gizarte-hezkuntzako prestakuntza eta esperientzia duen heldu bat egotea telefonoaren beste aldean adingabeekin tratatzeko laguntza bilatzeko beste aukera bat da".
Artolazabal eta Amilibia, prentsaurrekoan. Argazkia: Irekia
Amilibiak eta Artolazabalek gogorarazi dutenez, 116 111 zenbakira egindako deiak doakoak eta anonimoak dira eta fakturan ez dute arrastorik uzten. Telefonoaz gain, zerbitzuari buruzko jakingarriak sare sozialetan, webgunean eta newsletter bidez jakinarazten dituzte.
Ume zein gaztetxoek zerbitzua ezagutu dezaten, Jaurlaritzak promozio kanpaina jarriko du martxan hainbat material (orri-markatzaileak, eranskailuak, giltzatakoak, liburuxkak eta flyer-ak) eskolatan banatuta. Horrez gain, ikus-entzunezko baliabideak dituzten 4.800 pendrive ere bidaliko dizkiete irakasleei. Gainera, Emakundek Jaurlaritzarekin batera egiten duen eskola-agendatan zerbitzuari buruzko orrialde bat txertatu dute.
Modu berean, Zeuk Esan zerbitzuaren irudi berria ETB1eko Goazen! telebista saioan agertuko da, eta telefonoa sartuko dute beren trametako batean.
Iaz 843 kontaktu izan jaso zituzten telefonoan eta, horien ondorioz, 979 kontsulta. Sailburuak esan duenez, 2019ko lehen sei hilabeteetan, 381 kontaktu jaso dira eta, horien ondorioz, 444 kontsulta egin dira.