Gizartea -
Uholdeak Nafarroan
Atarrabiako 25 urteko gazte bat hil da uholdeetan
Moriones eta Gardelain lotzen dituen pista batean izan zuen ezbeharra, Ezporogin. Korronteak bere ibilgailua eraman zuela esateko deitu zuen gazteak.
Agentziak | Erredakzioa
Uholdeen ondorioz Ezporogin (Nafarroa) hil den gidaria Atarrabiakoa zen, eta 25 urte zituen, Foruzaingoak jakitera eman duenez. Korronteak bere ibilgailua eraman zuela esateko deitu zuen gazteak astelehenean, 20:30 aldera.
Moriones eta Gardelain lotzen dituen pista batean izan zuen ezbeharra, Ezporogin. Foruzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu ziren, eta ibilgailua topatu zuten. Dirudienez, gidariak autotik ateratzea lortu zuen. Ondoren, goizaldean dagoeneko, ehunka metrora gorpua aurkitu zuten.
Une horretan erreskatea ezinezkoa zen, zonaldean zegoen korronte indartsu eta ur kopuru handiagatik. Ondorioz, aukera bakarra gorpua lotzea izan zen, erreskatea airez egiteko, Foruzaingoak azaldu duenez.
Goizean, 08:00ak aldera, erreskateari heldu diote. Zailtasun handiarekin, baina gorpua helikopteroz atera dute. Hilotza Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute, bertan autopsia egiteko.
Foruzaingoko Argiketa Brigada atestatua egingo du, eta istripuaren dinamika aztertzen ari da.