Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Erandioko erasoaren harira atxilotutako gizona espetxera bidali du epaileak
Akarlanda parkean emakumezko batek jasandako sexu-erasoa leporatu diote, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur eraman dute epailearen aurrera Erandion asteburuan izandako erasoarekin zerikusia duelakoan atxilotutako 41 urteko gizona. Hain zuzen ere, Akarlanda parkean emakumezko batek jasandako sexu-erasoa leporatu diote, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Atxilotua espetxera bidali du epaileak.
03:30ak aldera, erasoaren berri izan zuen Ertzaintzak. Biktimak salatu zuenez, gauean Akarlandan aparkatutako autora abiatu zen lo egitera. Esnatu zenean, egin zioten sexu-erasoaz ohartu zen. Lagun batek esan zionez, gizonezko bat ibilgailuan sartu zen eta, geroago, ihes egin zuen, korrika.
Gau osoa gizon horren bila ibili zen Ertzaintza, eta goizaldeko lehen orduan Astrabuduako zonaldean aurkitu zuten. Akarlanda parkean egon izana aitortu zuen horrek, eta atxilotu egin zuen Ertzaintzak, sexu-askatasunaren aurkako delitua egotzita.
"Gertakari deitoragarria irmo" gaitzetsi du Erandioko Udalak adierazpen batean, eta emakumeari "babesa eta elkartasuna" adierazi dio, baita familiari eta hurbilekoei ere. "Biktimari eta haren familiari laguntzeko erabateko borondatea", agertu du Udalak.
"Indarkeria matxista ez da esparru pribatuko arazo bat, egiturazko arazo soziala baizik, guztien arazo kolektiboa, eta ondorioz, guztiek jokabide matxistei aurre egin behar diegu", azaldu du adierazpenak.
Erandioko Udalaren ahotan, "arazoaren inguruan herritarrak kontzientziatzea eta prebenitzea lehentasuna da". "Edozein sexu-eraso salatzeko" guztion "lankidetza" beharrezkoa da, gaineratu duenez.
"Emakumeen aurkako indarkeria behin betiko desagertzeko" lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du Udalak, "gizartean berdintasuna lortzeko, elkarbizitza eta errespetua nagusitzeko, gaurkoak bezalako gertakariak ez errepikatzeko".
Azkenik, kolektibo feministek astearte honetarako (20:00) deitu duten elkarretaratzean parte hartzea eskatu du Udalak. Protesta Altzagako metro geltokian egingo dute, "emakume guztien aurkako erasoak irmo errefusatzeko".
------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.