Gizartea -

Bilaketa lanak

18 etorkinek Almeriako uretan desagertuta jarraitzen dute

Ostiralean hondoratutako pateran zihoazen 51 etorkinetik 35 erreskatatu dituzte momentura arte; horietako 31, bizirik. Hildakoen artean 3 urtez azpiko bi haurtxo daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsasoko Laguntzak Saharaz hegoaldeko 18 etorkinen bilaketa lanak bertan behera utzi ditu argi faltagatik. Etorkinak patera batean zihoazen eta ostiral goizaldean erreskatatu zituzten Sakratif lurmuturretik 23 itsas milia hego-ekialdera. Dagoeneko 31 pertsona bizirik erreskatatu dituzte eta lau hilda, horietako bi adin txikikoak.

Granadako Itsas Laguntzako iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, Helimer 207 helikoptero bat ingurua aztertzen aritu da, Itsas Laguntzako azaleko unitate batekin batera.

Ostiralean, arratsalde-gau partean, azken gorpua erreskatatu zuten, gizonezko baten hilotza, hain zuzen. Gainontzeko hiru hildakoak urtebeteko neskatoa, hiru urtez azpiko mutikoa eta pertsona heldu bat dira. Horiek itsasora jausi ziren patera hondoratzen hasi eta berehala.

Gauzak horrela, 18 pertsona galduta daude oraindik; 17 gizonezko eta emakumezko bat, erreskatatutako 31 etorkinen arabera. Patera 01:30ak aldera hondoratu zen. Erreskatatuen artean hildako bi haurtxoen amak daude.

Beraz, 35 etorkin erreskatatu dituzte guztira, horietariko 31 bizirik eta beste lauak hilda. Guztira, 51 zihoazen hondoratutako pateran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea