Gizartea -

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Abadiñar bat zigortu dute, emakume bati eta haren bi alabei sexu erasoak egiteagatik

Auzitegi Gorenak hamahiru urte eta erdiko zigorra ezarri dio. Udalak gogor salatu eta gaitzetsi ditu erasoak eta babes osoa eskaini die hiru emakumeei.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Abadiñoko gizon bati, herriko emakume bati eta haren bi alabei bost urtez jarraian sexu erasoak egiteagatik. Bi alabak adin txikikoak ziren erasoak gertatu zirenean. Abadiñoko Udalak eman du albistearen berri.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zion 2018ko otsailean.

Epaimahaiak orduan ebatzitakoaren arabera, hiru emakumeetako bakar batek ere ez zuen baimendu gizonarekin sexu harremanak izatea. Hiru emakumeek ondorio psikologikoak, antsietatea eta trauma osteko estresa pairatu dituzte, eta tratamendua jaso dute.

Abadiño Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, "indarkeria matxistako kasu larri hau" gogor salatuz eta gaitzetsiz, eta bere babes osoa eskaini die hiru emakumeei. Horrez gain, horien eskura jarri ditu Udalaren baliabideak.

Udalak eta Durangaldeko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute datorren astelehenerako, hilak 8, 20:00etan, Txanporta plazan.

Bestalde, Durangaldeko Mugimendu Feministaren esanetan, epaia "erabat bidegabea" da, hiru emakumeek urteetan "gurutze-bidea" bizi ondoren, hamahiru urte eta erdira "soilik" zigortu baitute gizona.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak haurrak Tratu txarrak Zer gertatu da Bizkaian? Auzitegi Gorena albisteak EAE Delituak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Abadiño azken ordukoa Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa gaur Sexu erasoak Durangaldea albisteak