Gizartea -

Jazoera

Hodi batean harrapatutako 3 lagun erreskatatu dituzte Bilboko Portuan, bat larri

Bilboko Portuan sartzen saiatu direnean, migratzaileak hodi batean harrapatuta geratu dira. Horietako batek larri jarraitzen du, Zainketa Intentsiboko Unitatean ospitaleratuta, gas toxikoak arnastuta.

Erreskatatu behar izan dituzten migratzaileetako bat. Argazkia: EiTB
Erreskatatu behar izan dituzten migratzaileetako bat
Bizitza hobeago baten bila euren herritik ihes egiteko zain

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suhiltzaileek hiru migratzaile gazte erreskatatu dituzte isurbide-hodi batean, Bilboko Portuan sartzen saiatzen ari zirela, suhiltzaileek eta Ertzaintzak jakitera eman dutenez.

Jazoera 07:40ak aldera gertatu da, Bilboko Portuan, Zierbenan, isurbide-hodi batean laguntza-oihuak entzun direnean. Suhiltzaileak bertaratu dira, eta kutxatila bat moztu behar izan dute migratzaileak bertatik ateratzeko. Uretan sartuta zeuden, gerriraino, hipotermia zantzuekin.

Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte. Hirurek gas toxikoak arnastu dituzte gauean zehar ordu asko estoldetan igaro dituztelako. Horietako bat larri dago, Zainketa Intentsiboko Unitatean jarraitzen du ospitaleratuta. Sedatuta dago, eta arnasteko laguntza behar du.

Migratzaileak Europako ekialdekoak omen dira. Dirudienez, Bilboko Portuko ontziratze zonaldera iristen saiatu dira gazteak, isurbide-hodi hori igarota. Euren asmoa omen zen ferry batera igotzea, Erresuma Batura iristeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Migrazioa Bizkaia Bilboko Portua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak