Gizartea -

Eguraldia

40 gradutik gorako tenperaturak Nafarroan, bero bolada baten ondorioz

Erriberan neurtuko dituzte tenperatura altuenak: 42 gradukoak izan litezke ostegunetik astelehenera. Alerta laranja Nafarroa osora zabalduko dute bihartik (asteazkena) aurrera.

CCO lizentzia duen irudia
40 gradutik gorako tenperaturak Nafarroan, bero bolada baten ondorioz
CCO lizentzia duen irudia

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Meteorologia Agentziak alerta horia ezarri du tenperatura altuengatik Nafarroa erdialdean eta Erriberan, astearte honetan.

14:00etatik 20:00etara 37 graduko tenperaturak neurtuko dituzte, Aemetek aurreratu duenez.

Alerta laranja asteazkenetik aurrera

Bihartik aurrera eta uztailaren 1era arte, gainera, abisu berezia ezarriko dute, bero bolada handi batek harrapatuko baitu Nafarroa osoa.

Peio Oria Aemetek Nafarroan duen ordezkariak azaldu du muturreko tenperaturak izango dituztela; 40 gradutik gorakoak erdialdean eta hegoaldean. Esan bezala, Ebro ingurua izango da zonalderik kaltetuena. Bertan, 42 gradutik gorako tenperatura iragarri dute.

Minimoak, bestalde, 20 gradukoak izango omen dira, nahiz eta Erriberan ez diren 25 gradutik jaitsiko. Bero boladak, gutxienez, datorren astera arte iraungo du.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei; batik bat, asteazkenetik aurrera, orduantxe ezarriko baitute alerta laranja Nafarroa osoan.

Egun horretan, sute arriskua ere handia izango da.

Gomendioak

Beroaldiari aurre egiteko, Osasun Departamentuak hainbat aholku eman ditu: ura edo likidoa maiz edatea, egarririk izan ez arren; ordurik beroenetan esfortzu fisikorik ez egitea eta eguzkirik ez hartzea; arropa egokiekin janztea; eguzkitako betaurrekoak erabiltzea eta krema ematea.

Etxean berorik ez izateko, dutxa hotzak hartzea aholkatu dute. Garrantzitsua da, halaber, egunean zehar leihoak ixtea eta tenperatura jaisten denean zabaltzea, eta aire girotua edo haizagailua erabiltzea. Horretarako aukerarik ez dutenei toki klimatizatuetara gerturatzea gomendatu diete.

Lau urtetik beherakoen eta 65 urtetik gorakoen kasuan, are garrantzitsuagoa da aholku horiek kontuan hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda Bero-boladak albisteak