Gizartea -
Beroa
35-37 graduko maximoak espero dira Nafarroako eta Arabako hegoaldean
Asteartean tenperaturak gora egiten hasiko dira. Erriberan 33 gradu markatuko dute termometroek, eta 32 Arabako hegoaldean. Asteazkenean merkurioa 36 eta 34 gradura helduko da, hurrenez hurren.
eitb.eus
Euskal Herriko barnealdean beroa izango da protagonista aste honetan. Isurialde atlantikoan eta kostaldean tenperatura gozoagoak izango dira. Nafarroako eta Arabako hegoaldean tenperatura maximoak 37 eta 35 gradukoak izango dira, hurrenez hurren, ostegunean eta ostiralean.
Euskalmet Euskal Meteoroloia Agentziak azaldu duenez, astelehen honetan hodei gehiago espero dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Goizaldean eta arratsalde gau partean, laino narrasak ager daitezke isurialde atlantikoan. Hala ere, ostarteak zabalduko dira une batzuetan.
Ipar haizea igandean baino lehenago sartuko da, eta horrek barnealdean bero sentsazioa lehenago arinduko du. Hala ere, antzeko tenperatura maximoak izango dituzte. Mendebaldeko toki batzuetan berriro euria bota dezake arratsalde-gauean.
Asteartean tenperaturak gora egiten hasiko dira EAEko eta Nafarroako barnealdean. Erriberan termometroek 33 gradu markatuko dute, eta 32 Arabako hegoaldean. Asteazkenean merkurioa 36 eta 34 gradura helduko da, hurrenez hurren.
Isurialde atlantikoan termometroak 32 graduren bueltan ibiliko dira, eta 35 graduren bueltan ostegunean; kostaldean, ostera, ez dute 30 graduko langa gaindituko.
Beroa ostegunean eta ostiralean areagotuko da Nafarroako eta Arabako hegoaldean, maximoak 37 eta 35 gradukoak izango baitira, hurrenez hurren. Minimoek ez dituzte 20 graduak gaindituko, eta 17-18 gradutan geratuko dira. Horrela, beroak atsedena emango du gauean.
Arabako Errioxa. Argazkia: Miguel Angel Lopez de la Calle