Gizartea -
112
Ekainean sartuko da indarrean Euskadin 011 zenbakia
Jaurlaritzak trafiko informazioa jasotzeko telefono zenbaki berriaren marka onartu du
Erredakzioa
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran ontzat eman du ''''011 trafikoa'''' marka, herritarrei trafikoaren inguruko informazio orokorra emateko balioko duena. Zenbaki berria, Estatu osorako telefono zenbaki bakar gisa bultzatutakoa, ekainean sartuko da indarrean Euskadin, 902 112 088 egungo zenbakiaren ordez.
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen marka trafikoaren inguruko informazioa jasotzeko telefono zenbakia, 011, jendaurrean ezagutzera emateko asmoz sortu da, hori izango baita Estatu osoan zerbitzu publiko hori emateko bultzatuko duten telefono zenbaki bakarra. Euskadin, telefono zenbaki berria Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak kudeatuko du eta ekainean bertan sartuko da indarrean, 902 112 088 egungo zenbakia orduan ordezkatzea aurreikusi baita. Hilabete batzuetan, biak izango dira erabilgarri. Euskal Autonomia Erkidegoa izango da hiru zifrako zenbakiarekin zerbitzua ematen hasiko den lehen erkidegoa.
011 horren bidez, euskal errepide saretik doazenek zirkulazioaren eta errepideen egoeraren berri jasotzeko aukera izango dute uneoro. Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko egoeraren berri jaso ahalko dute, baina baita inguruko erkidegoetakoarena ere, Legealdiaren hasieran Lankidetza Hitzarmena sinatu baitzuten EAEko eta Estatuko Trafiko Zuzendaritzetako ordezkariek.
011 zenbakira egindako deien kostua tokiko deienaren antzekoa izango da erabiltzailearentzat, etengabe izango da erabilgarri, eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroko operadoreek eskainiko dute laguntza hori. Zerbitzua indartu egingo dute joan-etorri handieneko egunetan, trafiko operazio berezietan edo, eguraldi bereziki txarra dela eta (neguko elurteak direla eta, esaterako), errepideetan arazoak sortzen direnean.
Gaur onartu duten "011 trafikoa" marka, publizitatezko mezuetan eta trafikoarekin lotutako albiste eta iragarkietan erabiliko da EAEn, eta telefono zenbaki berria ezagutzera emateko eta gidariek errazago gogoratzeko balioko du.