Gizartea -
Araba
Larunbatean hasiko da udako denboraldia Zadorrako urtegietako Arabako hondartzetan
Sorosleen lau postuak eta 16 sorosleek prest daude bainulariak eguerditik arratsaldeko 8etara artatzeko. Zadorrako urtegiak udaro ia 160.000 bisitaritik gora izaten ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Larunbat honetan, ekainaren 15ean, hasiko da udako denboraldia Zadorrako urtegietako Arabako hondartzetan eta, ostiral goizetik, bandera urdina jarrita dago, erabilera publikoaren eta ingurumena zaintzearen arteko bateragarritasunaren ikur, baita zerbitzuen irisgarritasunarena ere.
Horrenbestez, sorosleen lau postuak prest daude (bi Garaion, bat Landan eta beste bat Uribarri Ganboan). Bainulari, paseatzaile eta txirrindulariak artatuko dituzte, eguerditik arratsaldeko 8etara.
Guztira, 16 sorosle egongo dira, txandaka, bainularien zerbitzura udako kanpaina guztian.
Aurten, Roberto Galdos Zuzenak taldeko badminton jokalaria, Arratzua-Ubarrundiako biztanlea, izan da bandera urdina igotzearen arduraduna. Jokalariak bertaratutakoei adierazi die zein garrantzitsua den zerbitzu irisgarriak lortzea. Harekin batera egon dira Josean Galera, Ingurumen Saileko foru diputatua, Blanca Antepara, udalerriko alkatea, eta Zadorrako urtegiak hartzen dituen udalerrietako tokiko agintariak.
Roberto Galdos Zuzenak taldeko badminton jokalaria. Argazkia: arabapress.eus
Galerak gogorarazi du Zadorrako urtegia Arabako Natura 2000 Sarearen 29 naturaguneetako bat dela, eta udaro ia 160.000 bisitaritik gora izaten dituela, natura balioak eta zerbitzuen kalitateak erakarrita.
Mugikortasun urria duten pertsonentzat zerbitzuen irisgarritasuna hobetzeko egindako inbertsioei esker, guztiontzat egokiak diren zerbitzuak dira, foru diputatuak gogorarazi duen bezala.
Horren harira, egindako inbertsioetako batzuk aipatu ditu: Landa eta Garaion egurrezko hiru pasabide eraiki dira uretara sartzeko, komunak konpondu dira, sorosleen postura iristeko arrapalak eraiki dira, aulki anfibioak erosi dira, eta buggie elektriko bat, ingurumen jardueretan parte hartzeko.