Gizartea -

indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekide ohiari irainak eta mehatxuak egiteagatik

Emakumeak eta haren amak irain eta heriotza-mehatxu oso larriak jasan zituzten gizonaren partetik.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, asteazkena, 20 urteko bikotekide ohiari eta haren amari irainak eta heriotza-mehatxuak egitea egotzita.

Gertaera horiek arratsaldeko laurak aldera izan ziren. Koordinazio Zentralak Zabalgana auzoko kale batera joateko eskatu zion patruila bati, emakume gazte bat eta haren ama gizon baten irain eta heriotza-mehatxu oso larriak jasaten ari zirelako.

Udaltzainak bi emakumeekin hizketan hasi ziren, biktimek zer gertatu zen azaldu zieten, eta beste lekuko batzuek berretsi egin zuten haien esanak. Horren aurrean, agenteak gizonaren etxera joan ziren. Eraikineko eskaileretan topatu zuten, bere onetik aterata, eta etxean sartu eta atea giltzaz itxi ondoren, bere buruaz beste egingo zuela esanez mehatxatu zituen.

Ordu batzuk geroago, eta familiarteko baten eta Udaltzaingoaren ofizialorde baten laguntzari esker, etxera sartzen utzi zien. Etxe barruan, altzari asko txikitu egin zituela eta hainbat altzari leihotik barne-patio batera bota zituela ikusi zuten agenteek.

Gizona hain asaldatuta ikusita, Santiago Ospitalera eraman zuten lehenik, eta polizia-etxera gero. Gaur bertan utziko dute epailearen esku.

___________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak