Gizartea -
Indarkeria matxista
Sara Majarenas eta haren alaba 'beldurtuta' eta 'zaintzapean' bizi direla salatu dute
Majarenasen alabaren aitak, alegia, umearen erasotzaileak, bete du dagoeneko bi urteko espetxe zigorra, eta gaur-gaurkoz aske dago, epaiketaren zain.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kontxi Ibarretak, Sara Majarenas preso ohiaren amak, prentsaurrekoa eman du gaur Donostian haren alabak eta bilobak bizi duten egoera salatzeko. Majarenasen alabari, Izarri, labankadaz eraso egin zion aitak 2017ko urtarrilean, 2 urte zituela, Valentzian. 2019ko otsailetik, baina, erasotzailea aske dago, eta harrezkero ama zein alaba "beldurtuta" eta Poliziaren "zaintzapean" bizi direla adierazi du Izarren amonak.
Amaia Zurutuzarekin batera eman du prentsaurrekoa Gipuzkoako hiriburuan. Han, Ibarretak esan du "minduta" dagoela otsailaren 15etik alabak bizi duen "estresagatik". Egun horretan irten zen kartzelarik erasotzailea, bi urteko zigorra bete ostean. Gaur-gaurkoz, epaiketaren zain dago, eta aurreikusitakoaren arabera, legealdia bukatu baino lehen epaituko dute.
Epaileak Izarren aitaren aurkako neurriak hartu zituen erasoa gertatu zenean; besteak beste, Euskadin ez sartzea, ama eta alaba Donostian bizi baitira. Halaber, "eskumuturreko telematikoa" eraman behar du beti, gutxienez, 500 metroko distantzia gorde dezan.
Kontxi Ibarretak azaldu duenez, erasotzailearen kontrako zigorrak Sara Majarenasengan ere badu eragina, gailu bati esker "uneoro baitago lokalizatuta". Horrek esan nahi du zortzi ordutik behin gailu horren bateria kargatu behar duela, ezin duela Frantzia eta Espainiako estatuak banatzen dituen muga abisatu gabe igaro, ezta Euskaditik atera ere, "beldur delako".
Izarrek, bestalde, 5 urte bete berri ditu, eta "zaintzapean" bizi da. Ertzaintzak egunero laguntzen dio ikastolara.
"Biktima dira, baina errudun direla dirudi", salatu du Majarenasen amak. "Neurri horiek alde batetik lasaitasuna ematen dute, baina era beran askatasuna mugatzen dute. Haien bizimodua ez da normala", azpimarratu du.
Gainera, erasotzailea aske utzi zutenetik lau hilabete igaro direla eta denbora tarte horretan hiru aldiz deskonektatu dela azaldu du. Dirudienez, eskumuturrekoa jarri ez duelako edo bateriarik gabe geratu delako deskonektatu da.
"Beti iluntzean gertatu dira deskonexioak, hau da, umea oheratzeko orduan. Haurra tratamendu psikologikoan dago", esan du Izarren amonak. "Kasu horietan, Ertzaintzaren abisua jasotzen du Sarak, bakarrik egon ez dadin. Hortaz, berehala "konpainia" bilatu behar du, erasotzailea lokalizatu arte, etxean bakarrik egon ez daitezen", gaineratu du.