Gizartea -
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
6 urteko kartzela zigorra, Erasmuseko ikasle bati Donostian sexu-erasoa egiteagatik
Epaiketan, Herbehereetako gizonak erasoa aitortu eta ezarritako zigorra onartu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote astelehen honetan Herbehereetako gizon bati, Erasmus programako ikasle austriar bati Donostian sexu-erasoa egiteagatik.
Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan egindako epaiketan, auzipetuak erasoa aitortu eta Fiskaltzak egindako zigor eskaera onartu du. Aldi berean, biktima ordezkatzen duen akusazio partikularra ere konforme agertu da akordioarekin.
Sexu-erasoa 2015eko ekainaren 9an gertatu zen, emakumea Donostiara bisitan zegoela.
Ministerio Publikoak bere idatzian egindako kontakizunaren arabera, auzipetua lagun batzuekin zegoen Donostiako Boulevard Zumardian. Testuinguru horretan, hizketan hasi ziren eta egunsentia ikusteko Urgull mendiko begiratokira igotzea proposatu zion gizonak emakumeari.
07:30 aldera, Santiagoko Bateria izenez ezaguna den zelaigunean zeudela, auzipetua "ustekabean" aurretik gerturatu zitzaion emakumeari eta "eskumuturretatik helduta, lurrera bota zuen" eta sexu erasoa egin zion. Emakumeak ez zuela nahi eta joaten uzteko esan zion, baina erasotzaileak ez zion jaramonik egin. Emakumea oihuka eta negarrez hasi zen eta erasotzailearengandik ihes egiten ahalegindu zen, eskuekin eta hankekin kolpeak emanez. Azkenean, sexu-erasoaren ostean, korrika ihes egin eta laguntza eskatzea lortu zuen.
Bortxaketaren ondorioz, gazte austriarrak urradurak, zauriak eta lesioak jasan zituen. Horrez gain, kalte psikologikoak eragin zizkion.
Erasotzaileari dagokionez, sei urteko kartzela zigorraz gain beste sei urteko zaintzapeko askatasuna ezarri dio epaileak. Halaber, ezingo du biktimarengana gerturatu eta harekin komunikatu sei urtean eta 6.200 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.
_______________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.