Gizartea -
Zientzia
Nazioarteko Espazio Estazioa turismoarentzat ireki du NASAk
Enpresa komertzialak ISSren atal estatubatuarrean aritu ahalko dira. Egunean 35.000 bat dolar ordainduta, turista espazialek estazioa bisitatzeko aukera izango dute.
Agentziak | Erredakzioa
Herritarrak Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS) egotea baimenduko du NASAk. Hilabete bateko egonaldiak izango dira, gau bakoitzeko 35.000 dolarreko prezioan, Estatu Batuetako espazio agentziak esan duenez.
Erabaki horrekin, Lurraren orbitan dagoen ikerketa zentroan turisten eta interes pribatuen aurkako debeku historikoa albo batera utzi du NASAk, eta ISS interes pribatu komertzialei irekitzeko asmoa adierazi du.
Horrela, herritarrei bidea ireki die finantzazio pribatua duten misioetan ISSra bidaiatzeko, Estatu Batuetatik irtengo diren garraio pribatuetan. SpaceXren Cew Dragon eta Boeingen Starliner baimendu dituzte jadanik.
Urtean bi bidai pribatu baimenduko ditu NASAk. Bakoitza gehienez 30 egunekoa izango da. Lehenengoa 2020an izan liteke.
Baina bidaia ez da merkea izango. Agentziaren kalkuluen arabera, txartel bakoitzak 50 milioi dolar inguru balioko du. Gaiinera, NASAk elikaduragatik, biltegiratzeagatik eta estaziotik egindako komunikazioengatik kobratuko du.
Jeff DeWit NASAko finantzazioaren buruak azaldu duenez, 35.000 izango du, astronauta bakoitzarentzat, estazioan gaur bat pasatzea.
Errusiako Espazio Agentzia Federalak, Roskosmosek, baimenduta ditu bidaia pribatuak.
Estatu Batuetako agentziaren arduradunen arabera, sektore pribatuari ateak irekitzea Trumpen Gobernuaren Ilargira 2024ra itzultzeko asmoa lortzea ahalbidetuko du, zati batean ISSren ustiapen komertzialetik ateratako etekinekin finantzatuko baita.