Gizartea -

UNIBERTSITATERAKO SARBIDEA

EAEko 11.000 ikaslek unibertsitatean sartzeko hautaprobak hasi dituzte

Iazko datuekin alderatuta, % 2,15 ikasle gehiagok egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) deiturikoa.

Ikasleak unibertsitatean sartzeko hautaproba egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Ikasleak unibertsitatean sartzeko hautaproba egiten
Ikasleak unibertsitatean sartzeko hautaproba egiten. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, ekainak 5, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 11,493 ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) hasiko dute Euskal Herriko Unibertsitatean. Batxilergoko 10.687 ikasle ez ezik, Lanbide Heziketako 806 aurkeztuko dira azterketetara.

Iazko datuekin alderatuta, % 2,15 gehiagok egingo dituzte hautaprobak.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa deiturikoa (USE) hiru egunetan zehar egingo da, asteazkenetik ostiralera, eta bi fase izango ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasearen helburua ondorengoa da: Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura, Historia, atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 puntu arteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez ere 10 bat atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat emango da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da, eta arlo jakin batzuetan ikasleen ezagutzak eta arrazoitzeko gaitasuna neurtzea du helburu; unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan, hain zuzen. Fase horrek aukera ematen dio ikasleari sarbide fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Onarpen fasean, ikasle bakoitzak Batxilergoko 2. mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, sarbide faserako aukeratu duena izan ezik. Gehienez, lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte fase horretan, eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango dituzte.

Unibertsitatera sartzeko probak gaur 08:45ean hasi eta 18:45ean bukatuko dira. Bigarren egunean, osteguna, hilak 6, 09:00etatik 18:45era izango dira azterketak, eta hirugarren egunean, ostirala, hilak 7, 09:00etatik 15:00etara. Emaitzak ekainaren 13an argitaratuko dira.

Nafarroan, atzo hasi zituzten unibertsitatera sartzeko hautaprobak 3.800 ikasle pasatxok. Lehen egunean, Gaztelania eta Literatura eta Historiako azterketak egin zituzten, eta bigarren azterketa eguna izango dute gaur.

BIDEOA: Ikasle nafarrek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio hasi dute

3.285 ikasle nafarrek gaur hasi dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa
3.285 ikasle nafarrek gaur hasi dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa
3.285 ikasle nafarrek gaur hasi dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa

Ipar Euskal Herrian, ostera, ekainaren 17an hasiko dira Baxoa egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea albisteak Nafarroako Unibertsitatea albisteak Mondragon Unibertsitatea argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza