Gizartea -
Indarkeria matxista
Neymar futbolariak bortxatu egin zuela salatu du emakume batek
Emakumearen arabera, jokalariak bere borondatearen kontra sexu harremanak izatera behartu zuen, maiatzaren 15ean, Parisko hotel batean. Neymarrek emakumea bortxatu izana ukatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Emakume batek Neymar Paris Saint German taldeko futbolari brasildarraren bortxaketa jasan zuela salatu du, Sao Pauloko Poliziak baieztatu duenez.
Emakumeak salatu duenez, jokalariak bere borondatearen kontra sexu harremanak izatera behartu zuen, maiatzaren 15ean, Parisko hotel batean. Antza denez, sare sozialen bitartez ezagutu ziren biak, eta Neymarrek hegazkina eta egonaldia ordaindu zizkion emakumeari.
Bortxaketa salatu duen emakumearen esanetan, brasildarra “mozkortuta” azaldu zen bien arteko hitzordura.
“Hitz egiten hasi ziren biak, baina handik denbora gutxira, Neymarrek jarrera oldarkorra erakutsi zuen eta emakumea bortxatu zuen, bere borondatearen kontra sexu harremanak izatera behartuz. Geroago, emakumeak Paristik alde egin zuen”, salaketan jasotzen denez.
Bestalde, Neymarrek akusazioa ukatu du, eta sare sozialetan argitaratu duen bideo batean bien arteko elkarrizketa zabaldu du, “froga gisa”. Bere esanetan, emakumeak ziria sartu dio.
“Emakume bat bortxatu izana leporatzen didate. Bortxaketa hitz gogorra da. Ustekabean harrapatu nau, baina ez dut horrelako akusaziorik onartuko. Oso tristea da adierazpen horiek entzutea, ezagutzen nautenek nire izaera nolakoa den badakitelako, eta argi dutelako ez nukeela inoiz horrelakorik egingo”, ziurtatu du Neymarrek.
“Egun horretan gertatu zena biok onartutako harremana izan zen. Hurrengo egunean ez zen ezer gehiago gertatu, hitz egiten jarraitu genuen”, azpimarratu du brasildarrak.
__________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.