Gizartea -
Istripua
Ermuko mendizale bat hil eta beste bat larri zauritu da Huescako Pirinioetan
Jabier Alberdi Ermuko Artarrai mendi taldeko presidentea da hildakoa, eta zauritua herrikidea da.
eitb.eus
Ermuko (Bizkaia) 49 urteko mendizale bat hil da eta 46 urteko udalerri bereko beste bat larri zauritu da Huescako Collarada mendian, elurraren gainean 300 metroko irristaldia izan ostean, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.
Hildakoa Jabier Alberdi da, Ermuko Artarrai Mendi Klubeko presidentea, Radio Euskadik baieztatu duenez.
Guardia Zibilak azaldu duenez, 11:00k aldera jaso dute abisua, bi euskal mendizale Ip lakuaren inguruan erori direla ohartarazteko.
Corredor de los Militares izeneko lekuan aurkitu ditu Guardia Zibilaren helikopteroak, elurtutako eremu batean.
Guardia Zibileko erreskate taldearekin zihoan medikuak mendizaleetako baten heriotza eta bestearen zauri larriak egiaztatu ditu.
Dirudienez, mendizaleak beharrezko material guztiarekin zihoazen, pioletarekin eta kranpoiekin, baina oraindik argitzeke dauden arrazoiak medio, irrist egin dute eta 300 metro erori dira maldan behera.
Hildakoa Huescara eraman dute bertan autopsia egiteko. Zaurituak hautsiak ditu gorputz-adarretan eta kolpea buruan, eta Zaragozako Miguel Servet ospitalera eraman dute.