Gizartea -

MADRIL

Madrilen suizidatu den emakumearen bideoa nortzuek zabaldu duten ikertzen ari dira

32 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen larunbatean, duela bost urteko bere bideo sexual bat IVECOko bere lankideen artean zabaldu ostean.

Emakumeak lan egiten zuen IVECOren lantegia. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia
Emakumeak lan egiten zuen IVECOren lantegia
Emakumeak lan egiten zuen IVECOren lantegia. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak ikerketa abiatu du, larunbatean Madrilen suizidatu zen emakumearen bideo sexuala nork grabatu zuen eta nortzuek zabaldu eta partekatu zuten identifikatu eta deliturik egin ote zuten argitzeko. Bideoa San Fernando de Henareseko IVECOren lantegian zabaldu ostean, irudi horietan agertzen zen emakumeak bere buruaz beste egin zuen.

32 urteko emakumeak bere burua hil zuen larunbatean, duela bost urte grabatutako bideo sexual bat 2.500 pertsonak lan egiten duten IVECOren lantegian zabaldu ondoren.

Bideoa emakumeak berak grabatu zuen edo beste norbaitek bere baimenarekin edo bere baimenik gabe egin zuen ikertzen ari da Polizia. Horrez gain, bideoa zabaltzen lehena nor izan zen eta gerora nortzuek partekatu zuten ere argitu nahi dute.

Bideoa bidali edo partekatu zuten pertsona horiek intimitatearen aurkako delitu bati aurre egin diezaiokete, Poliziaren iturrien arabera.

CGT sindikatuak atzo azaldu zuenez, duela gutxi hasi zen bideoa zabaltzen IVECOko langileen artean. Orduan, biktima Giza Baliabideen Sailera joan zen gertaturikoa azaltzeko. Giza Baliabideetatik salaketa jartzera animatu zuten, baina berak baztertu egin zuen aukera hori, sindikatuaren arabera.

Bestalde, CCOO sindikatuak aurreratu duenez, IVECO salatuko du Lan Ikuskaritzaren aurrean, bideoa zabaltzen ari zela jakinda ere, sexu-jazarpenaren aurkako protokoloa ez aktibatzeagatik. Horrez gain, lan istripu gisa kontatu behar dela uste du. Sindikatuaren esanetan, langilearen eta zuzendaritzaren artean izandako bileran, enpresak "kontu pertsonal bat" zela argudiatu zuen, eta ez zuen inolako neurririk hartu.

Emakume bat suizidatu da bere bideo intimo bat norbaitek enpresan zabaldu ostean
Emakume bat suizidatu da bere bideo intimo bat norbaitek enpresan zabaldu ostean
Emakume bat suizidatu da bere bideo intimo bat norbaitek enpresan zabaldu ostean

1:11
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Delituak azken ordukoa Espainia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Madril gaur Sindikatuen albistea CCOO sindikatua