Gizartea -
3. sesioa
Segurtasun kamerek grabatutako irudiak ikuskatu dituzte Bilboko abusuen epaiketan
Neska bat bortxatzea, hori grabatzea eta zabaltzea leporatzen dizkiete hiru gazteri. 2017an gertatu zen bortxaketa, Solokoetxeko eskaileren ondoan.
Agentziak | Erredakzioa
2017an emakume bat bortxatzea, hura grabatzea eta telefonoaren bidez zabaltzea leporatuta epaitzen ari diren hiru gazteren kontrako epaiketaren hirugarren sesioa egin dute Bizkaiko Auzitegian. Segurtasun kamerek grabatutako irudiak ikuskatu dituzte.
Bizkaiko Auzitegiko seigarren atalean egiten ari dira epaiketa, ateak itxita. Zenbait bideo ikuskatu dituzte hirugarren sesioan. Tartean, gertakizunak jazo ziren inguruko segurtasun kamera batek grabatutako bat.
Solokoetxeko eskaileren alboan dagoen vending makinetan —janaria eta edariak saltzen dituzte— grabatutako irudiak dira. Toki horretara joan ziren, 2017ko urtarrilaren 14ko goizaldean, biktima eta hiru akusatuak, Bilbo erdialdeko jai areto batetik irten ostean.
Fiskala eta akusazio partikularraren arabera, momentu horretan 20 eta 28 urte artean zituzten gazteek 18 urteko neska inguratu eta bortxatu zuten, alkohola edan zuela baliatuta.
Ikuskatu dituzten bideoen artean dago lauak egon ziren diskotekan grabatutako bat. Horretaz aparte, Toxikologia Institutuko adituaren, auzitegi medikuaren eta Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoaren agenteen deklarazioak ere entzun dituzte.
Auzi honetan, Fiskaltzak ia 80 urte eskatzen ditu akusatuentzat. Akusazio partikularrak 100 urtetik gora eskatzen ditu. Defentsek, bestalde, absoluzioa eskatzen dute, onartutako harreman bat zelakoan.
Asteartean hasiko da berriz epaiketa. Azken sesioa izango da, eta epaiaren zain geratuko da, txostenak, ondorioak eta akusatuen "azken hitzak" entzun ondoren.
Ateak itxita egingo da astearteko sesioa, hedabiderik gabe. Alde guztiek hitzartu zuten hori, La Manadako epaiketan gertatutakoa errepika zedin saihesteko eta biktima eta bere intimitaterako eskubidea babesteko.