Gizartea -

Indarkeria matxista

Auzitegi Gorenak ekainaren 21ean ebatziko du 'La Manada auzi'ko helegiteez

Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak (Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua) sexu erasoagatik zigortzea eskatu dute.

Zigortutako bost gazteak. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Zigortutako La Manadako bost kideak.
Zigortutako bost gazteak. ETBko bideo batetik hartutako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak ekainaren 21erako ezarri du 'La Manada auzi'ko epaiaren kontra aurkeztutako helegiteen inguruan erabakitzeko auzi saioa. Nafarroako Auzitegi Nagusiak bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zien 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu abusu delituagatik. Hala, aurrez Nafarroako Lurralde Auzitegiak ezarritako zigorra berretsi zuen.

Alde guztiek aurkeztu dituzte kasazio helegiteak. Gorenak jakinarazi duenez, Andres Martinez Arrieta magistratua izango da epaimahaiko presidentea, eta Francisco Monterdek, Ana Ferrerrek, Vicente Magrok eta Susana Polok (bokala) ere osatuko dute.

Fiskaltzak 18 urteko kartzela zigorra eskatu du, sexu erasoa izan zela argudiatuta. Akusazioek ere (biktimaren izenean egindakoa zein herri akusazioa —Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala—) antzeko eskaerak egin dituzte. Akusazio partikularrak, esaterako, bost gizonak sexu erasoarengatik eta telefonoa lapurtzeagatik zigortzea galdegingo du.

Bost gizonezkoen defentsak ere helegitea aurkeztu zuen, "harremanak baimendutakoak" izan zirela ulertuta, absoluzioa eskatzeko

Duela gutxi, Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai bat zuzendu zuen Gorenak. Altsasun emakume bat bortxatu zuen gizona sexu erasoagatik zigortu zuen, sexu abusua baztertuta. Hala, lau urteko zigorra barik, sei urtekoa ezarri zion bortxatzaileari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Auzitegi Gorena Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Matxismoa Iruñeko Udala ‘La Manada’ auzia Sexu erasoak