Gizartea -
'Donostia salgai' lelopean
Donostia 'era larrian kaltetzen duten hirigintza-ekintzen' aurka manifestatu dira
Donostia Defendatuz plataformak deituta, erraustegiaren eta turismo masiboaren aurka, besteak beste, manifestatu dira ehunka lagun, eta beste hiri-eredu baten alde egin dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Donostia era larrian kaltetzen duten hirigintza-ekintzen" aurka manifestatu dira ehunka lagun larunbat honetan Gipuzkoako hiriburuan, Donostia Defendatuz plataformak deituta. Denda txikietako jabek, talde ekologistek eta auzokideen elkartek osatzen dute plataforma hori.
17:30ean Easo plazatik abiatuta egin dute martxa, "Donostia hiria salgai" lelopean. Metroaren pasabidearen aurkako lemak zeramatzaten aterki horiak erakutsi dituzte manifestari askok. Erraustegiaren eta turismo masiboaren aurkako oihuak bota dituzte, eta merkataritza txikizkariaren alde.
Manifestazioa Alderdi Eder lorategietan amaitu dute, Udaletxe parean, eta plataformetako bi kidek agiria irakurri dute. "Donostiako udal kudeaketa txarra" salatu dute, eta "milioi askoko azpiegiturak" errefusatu dituzte, esaterako, Donostiako metroaren pasabidea edo erraustegia.
"Belartza 2" izenarekin ezagutzen den zonaldean "merkataritza-parke erraldoia" sortu nahi dutela kritikatu dute, eta hiria "aberatsentzako parke tematiko" bihurtzen ari direla, "nazioarte mailako enpresen eta frankizien ondorioz, hiria bere nortasuna eta berezitasuna galtzen ari delako".
"Donostia soziala, parte-hartzailea eta jasangarria nahi dugu, turisten edo enpresari handien menpe ez dagoen eta herritarren benetako beharretan oinarritutako hiria, alegia", azpimarratu dute.