Gizartea -

Zumarraga

Ibaiondoko langileek zentroaren 'segurtasunik eza' salatu dute, erasoak jasan ostean

Zumarragako adingabeen zentroko langileek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan enpresa batzordeak deituta. Zentroan dauden hainbat adin nagusiren "jarrera agresiboa eta disruptiboa" salatu dute.

Ibaiondoko langileen protesta Zumarragako zentroan. EiTBren bideo batetik lortutako argazkia
Ibaiondoko langileen protesta Zumarragako zentroan
Ibaiondoko langileen protesta Zumarragako zentroan. EiTBren bideo batetik lortutako argazkia

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentroko langileek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan zentroaren aurrean, enpresa batzordeak deituta. Langileek (koordinatzaileak, psikologoak, gizarte-langileak, irakasleak eta hezitzaileak) bizi duten "segurtasun eza" salatu dute, azken boladan zentroko adingabeen "erasoak jasan" baitituzte.

Enpresa batzordeak irakurritako agiriaren arabera, joan den apirilaren 14an Ibaiondoko bi hezitzailek "hiru adingaberen eraso larria jasan zuten, gazteak zentrotik ihes egiten saiatzen zirenean".

Horrenbestez, "zentroan eman ohi den agresibitatean muga bat gainditu dela" aipatu dute.

Azken urtebetean "antsietate, estres eta frustrazioa bizi dutela" salatu, eta horrek "heziketa lana eragozten duela" gaineratu dute. Izan ere, "premiak, gazte gehiegi egoteak eta alarma sozialak eraginda, adingabeak zentroan sartu eta atera egiten dira, heziketa-prozesua modu egokian gauzatu ahal izan barik", esan dute.

Bestalde, enpresa batzordeak zentroaren Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzari zein Gazteen Justizia eta Prebentzio Zerbitzuetako arduradunei zentroan bizi duten "egoera larria" jakinarazi nahi izan die, "jarrera erabat agresiboa eta disruptiboa duten gazteak (adinez nagusiak) daudelako, eta zentroaren jarduera egokia oztopatzen dutelako". Ondorioz, langileen zeregina "laguntzaile eta euskarri lanetan aritzera mugatu dela" salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga Albisteak