Gizartea -

IPAR EUSKAL HERRIA

Angelun uretara eroritako piraguistaren gorpua aurkitu dute Seignossen

Asteazkenean osteratxo bat ematera irten zen beste hiru lagunekin Ziburuko Zokoa hondartzatik. Lau horietatik hiru onik atera zituzten eta erreskate taldeak laugarrenaren bila ari dira.

Seignosseko hondartza. Argazkia: Jon Arrue
Seignosseko hondartza.
Seignosseko hondartza. Argazkia: Jon Arrue

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jendarmeek gaur goizean topatu dute, Seignosseko hondartza batean (Landak), atzo Angelun uretara erori zen piraguistaren gorpua, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez.

Piragua, ostera, atzo aurkitu zuten Landetako Labenne herriko hondartza batean.

Sud Ouest egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, gizona beste hiru lagunekin batera piraguan osteratxoa egitera irten zen Ziburuko Zokoa hondartzatik Bokale aldera. Lau horietatik hiru onik atera zituzten suhiltzaileek. Ilunarekin batera bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak, gaur arte. Bilaketa lanetan suhiltzaileak, jendarmeak eta helikoptero bat aritu dira.

Antza denez, hegoaldeko haizeak eta 3 metro inguruko olatuek itsasaldia zaildu zuten. Angelura iritsi zirenean itsasbehera zen.

Erreskate taldeek 14:30 aldera jaso zuten abisua.

Aipaturiko egunkariaren esanetan, laurak ere eskarmentua duten piraguistak dira. Zehazki, hildako pertsonak piragua saltoki bat zuen Angelun.

Landetan ere bai, Seignosseko hondartza berean kitesur egiten ari zen 38 urteko gizon bat hil zen atzo arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Desagertutako pertsonak