Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Hiru lagun atxilotu dituzte emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, Iruñean

Emakumeak salatu zuen erasotzaileek bortxatu zutela, horietako batek edarian substantziaren bat isuri ostean.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak hiru gizonezko atxilotu ditu emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Emakumeak salatu zuen bortxatu zutela, horietako batek edarian substantziaren bat isuri ostean.

Ikerketako iturrietatik jakitera eman dutenez, biktimak aurreko igandean salatu zuen gizon batzuek bortxatu zutela hiriko etxebizitza batean.

Salaketaren arabera, emakumea parranda egitera atera zen larunbatean eta drogatu egin zuten edarian isuri zioten substantziaren batekin.

Bere onera itzuli zenean egoeraz jabetu zen, eta erasoa gertatu zen lekuan zegoela ohartu zen. Ondoren, salatzera joan zen.

Aipatu iturrien arabera, hiru dira oraingoz atxilotuak, eta epailearen esku utzi zituzten aurreko astelehenean, baina ez dute baztertzen atxiloketa gehiago izatea.

Udalak prentsa ohar batean azaldu duenez, erasoa izan zen lekuan Udalarenak diren lau etxebizitza daude, eta bertan "modu irregularrean bizi dira hainbat pertsona", nahiz eta "urtarriletik" prozesu judiziala dagoen martxan horien erabateko erabilera berreskuratzeko.

Udalak azpimarratu du "ustezko biktimari erabateko babesa" emango diotela eta "bere intimitatea errespetatuko" dutela. Era berean, "eragile sozial, mediatiko eta instituzionalei" horrelaxe jokatzeko eskatu die "filtrazioen aurrean".

Azkenik, "eraso sexisten aurka borroka egiteko konpromisoa" berretsi du.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Albisteak Tratu txarren biktimak Mundu matxista Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna