Gizartea -
Adierazpen polemikoak
Lumagorri HATek Gasteizko gotzainari: 'Homosexualitatea ez da osatzen, homofobia bai'
Psikologoarengana joatea aholkatu dio Lumagorri taldeak Elizalderi, Cadena Ser-en egindako adierazpenen harira. Homosexualek zauriak osatzeko laguntza behar dutela esan zuen atzo Gasteizko gotzainak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldeak Juan Carlos Elizalde Gasteizko apezpikuari esan dio homosexualitatea ez dela "osatzen", baina "homofobia bai". Halaber, psikologoarengana joatea gomendatu dio apezpikuari, Cadena Ser-i emandako elkarrizketan adierazi zuenaren harira. Elizaldek esan zuen homosexualek laguntza behar dutela "zauriak sendatzeko". Hain zuzen ere, modu horretan justifikatu zituen Alcala de Henaresko apezpikutzak "homosexualitatea osatzeko" emandako ikastaroak.
Gainera, Lumagorrik prelatuak parte hartzen duen ekitaldietara ez joateko eskatu die erakundeei; San Prudentzioren eta Estibalizko Andre Mariaren ospakizunetara, besteak beste.
Lumagorri HATen iritziz, Gasteizko gotzainaren hitzek "homosexualenganako gorrotoa erakusten dute", eta hainbat autonomia erkidegotan debekatuta dauden terapiak babesten dituzte.
Gorroto mezuak
Ildo horretan, "gorroto mezurik" ez zabaltzea exijitu die apezpikuari eta ordezkaritza publikoa duen edozeini. Halaber, Elizari eskatu dio "gizarte zibilaren bizitzan ez sartzeko", eta onartzeko, behingoz, pulpituen garaia bukatu dela.
Bestalde, gotzainaren berbak salatzeko eta "ekitaldi publikoetan homofoboei lekurik ez uzteko" eskatu die erakunde guztiei.