Gizartea -

2019ko Aste Santua

EAEko errepideetako toki eta ordurik gorabeheratsuenak

Segur aski, zirkulazio-fluxurik handienak A-8 errepidean, Kantabriako mugan, AP-8 autobidean Biriatuko ordainlekuan eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunean, Armiñonen, izango dira.

AP-8 Biriatuko ordainlekuan. Artxiboko argazkia: EFE
AP-8 Biriatuko ordainlekuan.
AP-8 Biriatuko ordainlekuan. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak aditzera eman duenez, “gure errepide-sareko puntu hauetan izango dira, segur aski, zirkulazio-fluxurik handienak: A-8 errepidean, Kantabriako mugan, AP-8 autobidean Biriatuko ordainlekuan eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunean, Armiñonen. Azken puntu horretan, ikusiko da trafikoak zer portaera izango duen AP-1 autobidea Burgos eta Armiñon artean liberalizatu ondoren”.

Irteera operazioan, A-8 errepidean, Kantabriako mugan, zirkulazio-intentsitate handiak izan ohi dira asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 09:00etatik 15:00etara.

Itzuleran, eta Bilborako norabidean, ibilgailuen kontzentraziorik handiena izaten da Pazko Astelehenean, 13:00etatik 21:00etara. Dena dela, azken urte hauetan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaian, bai, ordea, Kantabrian.

AP-8 autobidean, auto-ilararik handienak izaten dira Biriatuko ordainsarian (Frantziako noranzkoan) asteazken arratsaldean 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santu goizean, 08:30etik 16:00etara.

Era berean, eta Pazko Astelehena Frantzian jai-eguna denez gero, ostiralean zein larunbatean ere trafiko handia izaten da Donostiako noranzkoan.

EAEko errepide-sarearen hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1  errepideen elkargunea da, Armiñonen. AP-1 autobidean, Burgos eta Armiñon arteko tartea liberatu denez gero, espero da gora egitea AP-1etik zirkulatuko duen ibilgailuen kopuruak.

Hartara, Trafiko Zuzendaritzak —Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Miñoiekin koordinazioan— eutsi egingo die azken urte hauetan Armiñongo elkargunean zirkulazioa arintzeko hartu dituen trafiko-kudeaketako neurriei.

Batetik, irteeran (hau da, asteazkenean, apirilaren 17an, arratsaldean eta Ostegun Santuan, apirilaren 18an, goizean), A-1 errepidean auto-ilarak sor daitezkeela aurreikusita, behin-behineko trafiko-seinaleak gaituko dira N-1 errepidearen ordezko bidea gomendatzeko Argantzon (A-1, 334 km) udalerriaren eta Armiñongo A-1/AP-1 errepideen arteko elkargunearen artean (A-1, 328 km).

Bestalde, itzuleran (hau da, Pazko Astelehenean, apirilaren 22an), txartel eta kono bidezko operatiboa ezarriko da AP-1 errepidetik A-1 errepidera, Vitoria-Gasteizko noranzkoan, etenik gabe eta 80 km/h-ko abiadura konstantean sartzeko, bidea emateko geldialdirik egin behar izan gabe.

Zirkulazioari buruzko informazioa

Errepidera atera aurretik, 011 telefono zenbakira deitzea aholkatu dute Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, zirkulazioaren egoera ezagutzeko. Erakunde horrek Twitterren eta bere webgunean ere emango du unean uneko informazioa.

Bestalde, EiTBk informazioa emango du eitb.eus-eko zirkulazioaren inguruko webgune berezian eta Radio Euskadiko ordu erdiro eskaintzen dituen albistegietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea AP-68 autobidea Aste Santua Kantabria 634 errepide nazionala Oporrak