Gizartea -
Unibertsitatea
Mendeberri 2025 heziketa eredu 'berritzailea' aurkeztu du Mondragon Unibertsitateak
'Belaunaldi Teknologikoa'ri "moldatutako" heziketa eredu bat aurkeztu du unibertsitateak, ibilbide akademiko "malgu eta pertsonalizatuetan" oinarrituta.
Agentziak | Erredakzioa
Heziketa eredu "berritzailea, belaunaldi berrietara moldatuta" eskainiko du Mondragon Unibertsitateak, Mendeberri 2025 proiektuaren bitartez. "Gaur egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko" ibilbide akademiko "malgu eta pertsonalizatuen" diseinuan oinarrituta. Moduluzko diseinua eta formazioaren ebaluaketa iraunkorra, interdiziplinarietatea eta esperientzia hezigarria dira heziketa proiektu berri honen beste oinarriak.
Hernaniko Orona campusean aurkeztu du Mendeberri 2025 proiektu berria unibertsitateak. Bertan izan dira Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea, Jon Altuna errektoreordea, Iñaki Larrea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle ikertzailea eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua.
Gaur egungo Mendeberri heziketa eredua "berriz diseinatzen eta eraikitzen du" Mendeberri 2025ek, "oraingo eta etorkizuneko gizartearen aldaketek eskatzen dituzten beharrizanetan oinarrituz".
Azaldu dutenez, MUren proiektu berria "heziketa berrikuntzaren eredu distuptiboa" da, "unibertsitate ikasleen belaunaldi berrietara egokituta; ibilbide akademiko malgu eta pertsonalizatuetako diseinuan oinarrituta dago, gradukoak zein graduondokoak, eta graduatutako pertsonak profesional eta pertsona bezala erantzuteko ezezaguna baina liluragarria den etorkizunaren aurrean".
Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Jon Altunak azaldu duenez, heziketa eredu berri hau "gaur egungo hezkuntza-ikasketa-ebaluazio paradigmaren berraztertze bat da, eta azken 30 urteetan unibertsitatearen munduan bizitako aldaketa azkarretan du jatorria; aldaketa horiek, gainera, sakonagoak izango dira etorkizunean".
"Heziketa berrikuntza"
"Heziketa berrikuntzan oinarritutako eredua da, graduatu berriak, T belaunaldia edo belaunaldi Teknologikoa izenarekin ezagutuak, informazio teknologiekin jaio eta hezi direnak, aldaketa etengabean dagoen gizartearen etorkizuneko erronkei formazio integral batetik laguntzeko", esan du Altunak.
Linea horretan, "diseinu modularra eta formazioaren ebaluazio iraunkorra" da ardatzetako bat, "ikasleek garatu beharreko gaitasunen ikasketekin lerrokatuta: ikasketa autonomoa eta kooperatiboa, erronketan eta bizitza osoan zehar oinarritutako ikasketa, baita irakasleen estrategiei lotutako ikasketa, ikasleek ezagutza lor dezaten".
Bigarren eremua ibilbide akademikoaren pertsonalizazioan eta bere malgutasunean zentratuta dago. Horien gakoak "konektibitatea, digitalizazioa, autorregulazioa eta formazioaren pertsonalizazioa" dira. Bestalde, hirugarren eremua interdiziblinarietatean zentratzen da, eta ikasketa "integratuagoa" eta "diziplinen eta esperientzia hezigarriaren arteko elkarrekiko aberasketa" sustatzen ditu.
Esan duenez, Mendeberri 2025ek "ez dio soilik etorkizun profesionalen formazioan garrantzia ematen, baita bere garapenean gizaki eta herritar ere". Modu horretan, zenbait ardatz ezartzen ditu estrategiak: "munduaren hiritarra, identitatea eta helburu pertsonalak, ikasketa malgua eta aktiboa, komunikatzailea eta komunikazioaren errazten duena eta kooperatiboa".
"Jauzi kualitatiboa ematen da. Erdigunea ikaslea eta bere garapen profesionala badira ere, alderdi integralago bat hasten da ikusten: pertsona bezala", esan du Altunak. Zehaztu duenez, "testuingurua zabaldu egiten da, eta ez da soilik lanaren esparrua formazio unibertsitarioaren helburua, baita gizartea eta mundua ere zentzu zabal batean, eta testuingurua da bizitzarako eta bizitza osoan zeharreko gaitasunetan oinarritutako hezkuntza".