Gizartea -
LAPURRETAK
80 lapurreta egin dituen talde antolatu bateko kideak atxilotu dituzte Bilbon
Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu. Lapurreta gehienak EAEn egin dituzte. Taldeak bi hamarkada daramatza lapurretak egiten.
eitb.eus
Ertzaintzak bortxaz lapurretak egiten dituen talde kriminal bat desegin eta bost lagun atxilotu ditu Bilbon; batez ere, EAEko enpresa eta saltokietan egiten zituzten lapurretak, aurretik lapurtutako ibilgailuak erabilita.
Hainbat enpresa eta taberna, lurrindegi, tabako denda, gasolindegi eta trastelekutan 80 lapurreta egin izana egotzi diote taldeari, baita lapurreta horiek egiteko 35 ibilgailu lapurtu izana ere. "Kai" izenaz ezagutzen omen zuten taldeak bi hamarkada daramatza lapurretak egiten, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egin dituzte lapurretak, baina Kantabrian, Burgosen eta Errioxan ere aritu dira. Ikerketa abian da, eta taldearen gainerako kideen bila ari dira.
Bestalde, horiek lapurtutakoa erostea egotzi diete zazpi pertsonari. Taldekideak Kobeta mendian biltzen ziren lapurretak antolatzeko, eta Ertzaintzak ehun bat kalamu landare konfiskatu ditu bertan. Atzo, asteazkena, epailearen aurrera eraman ostean, aske utzi zituzten, karguekin eta fidantzarik gabe.
Delituen historiala
Atxilotuek aurrekari penalak dituzte, eta Ertzaintzak guztira 114 bider atxilotu ditu 28, 32, 33, 34 eta 46 urte dituzten lapurrak. Besteak beste, indarkeriaz egindako lapurretak, genero indarkeria, bide-segurtasunaren aurkako delituak edo agenteei eraso egin izan egotzi diete.