Gizartea -
Lapurreta
Trapagarango etxebizitza bateko lapurretaren atzean kontu-garbitze bat egon liteke
Ostiralean, gutxienez hiru gizonek familia bateko hiru kideri eskuak lotu zizkieten, eta dirua eraman ostean, ihes egin zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Trapagarango alkate Xabier Cuellarrek EiTBri esan dionez, Bizkaiko udalerriko familia bateko etxebizitzan egindako indarkeriazko lapurretaren atzean kontu-garbitze bat egon liteke.
Martxoaren 22an, ostirala, gutxienez hiru gizonek indarkeriazko lapurreta egin zioten familia bati, Trapagaranen. Etxean sartu, familiako kideak jo, eskuak lotu, lapurreta egin eta ihes egin zuten.
Lehenengo ikerketen arabera, gutxienez hiru gizon ustekabean sartu ziren etxebizitzan, eta senar-emazteei eskuak lotu zizkieten. Gero, gauza bera egin zuten adin nagusiko semearekin, etxera heldu zenean. Semea izan liteke kontu-garbitzearen helburua.
Familiaren dirua lapurtu zuten gizonek, eta ihes egin zuten.
Biktimetako bi, aita eta semea, Gurutzetako ospitalera eraman zituzten, lapurrek etxean zegoen dirua lapurtzeko eragin zizkieten zaurien ondorioz.
Oraindik ez dute atxiloketarik egin.