Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon batek bere emaztea hil du Loechesen
Gizonak bere buruaz beste egin du ondoren. Ikerketaren hipotesi nagusiaren arabera, indarkeria matxista kasu bat da.
Agentziak | Erredakzioa
47 urteko gizon batek 37 urteko emaztea hil du Loechesen (Madril), eta gero bere buruaz beste egin du, zainak moztuta, Guardia Zibilaren esku dagoen ikerketaren hipotesi nagusiaren arabera.
10:15ean jaso dute deia larrialdi zerbitzuek, Loecheseko Jose Sanclemente Rey kaleko etxebizitza batean hildako bikote bat egon litekeela ohartarazita.
Guardia Zibila eta Madrilgo Larrialdi Medikuen Zerbitzua (SUMMA) bertaratu dira, eta etxebizitza barruan, geletako batean, emakume baten eta gizon baten gorpuak zeudela baieztatu dute. Biek zituzten arma zuri batek eragindako zauriak.
39 urteko emakumeak, gutxienez, arma zuri baten zauria zuen gorputzean, eta 47 urteko gizonak, beste bat eskumuturrean. Gertakizuna ikertzen ari da Guardia Zibila, baina zantzu guztien arabera, indarkeriazko heriotzak izan dira.
Hipotesi nagusiaren arabera, indarkeria matxista kasu bat da. Gorputzetan aurkitako zauriak ikusita, eztabaida baten ostean, gizonak emakumea sastakatu du, eta bere buruaz beste egin du gero.
Bi adingabe ere bazeuden etxebizitzan; antza, bikotearen seme-alabak: 11 urteko neskatoa eta 5 urteko mutikoa. Onik daude, baina SUMMAk artatu ditu, eta Gurutze Gorriaren dispositibo psikologiko baten zain daude.
_____________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.