Gizartea -

Unibertsitatea

EHUko Medikuntza ikasleentzat 'onartezina' da Deustuk fakultate berria irekitzea

"Euskadin BAMEk har ditzakeenak baino ikasle gehiago izateak ez du zentzurik", salatu dute.

Osakidetzako medikuak. Argazkia: EiTB
Osakidetzako medikuak. Argazkia: EiTB
Osakidetzako medikuak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko Ikasle Kontseiluak salatu du "onartezina" dela Deustuko Unibertsitateak irailean fakultate berria ireki nahi izatea, "ez duelako zentzurik Euskadin BAMEk har ditzakeenak baino ikasle gehiago izateak".

Ikasleak Deustuk Medikuntza Fakultate pribatua irekitzearen aurka agertu dira prentsa ohar batean. Gainera, kritikatu dute Espainiako Estatuan 28tik 42ra igo dela fakultate kopurua azken urteetan, eta munduan Medikuntza Fakultate gehien duen estatua dela, Hego Korearen atzetik.

Arazoa omen da azken urteetan BAME plazen kopurua ia ez dela aldatu, eta 2018ko azterketan aurkeztu ziren 15.475 ikasleetatik soilik 6.797k eskuratu zutela plaza. Hori dela eta, "desoreka handia" ikusten dute medikuntza graduatuen eta BAME eskaintzaren artean.

Era berean, uste dute ez dela "etikoa fakultate pribatu bat irekitzea Basurtukoa finantzatzeko Jaurlaritzak eta Aldundiak sortu dituzten arazoekin".

Gainera, ez omen dago "arrazoirik matrikulazioa irailean irekitzeko oraindik graduari lotutako osasun zentroak ez baditu beharrezko ohe eta espezialitateak".

"Mediku faltari aurre egiteko irtenbide bakarra BAME plazak ugaritzea da, osasun publikoaren sisteman espezialista kopurua handitzeko, eta langabeziarekin, prekarietatearekin edo espezialitaterik gabeko lan poltsekin amaitzeko", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak EHU Gizartea Gaurko azken orduko albistea Medikuen albisteak