Gizartea -
Bizkaiko Golkoa
'Grande America'ren fuel orbanak ez du eraginik izango EAEko kostaldean
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Bizkaiko Golkoan hondoratutako itsasontziaren ondorioz sortutako erregai orbanak ez du eraginik izango hurrengo egunotan.
Agentziak | Erredakzioa
Arroxela parean hondoratutako 'Grande America' ontzia zaintzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak; hala ere, ez du uste EAEko kostaldean eraginik izango duenik datozen egunotan.
Asteartean hondatu zen Grimaldi Group enpresa armadorearen itsasontzia, sutea piztu ostean. 27 lagun erreskatatu behar izan zituzten ontzia Arroxelatik 330 kilometrora hondoratu aurretik. 2.200 fuel tona zeraman.
Ontziak mugitzeko erabilitako erregai hori ur gainetik ibiltzen da eta ez da nahaskorra; horrenbestez, haizearen eta itsasoaren ur korronteen arabera kostaldera heldu daiteke, baina zaila da esatea orbana noraino heldu daitekeen, Segurtasun Sailak agiri batean azaldu duenez.
Hala ere, orbana EAEko kostaldera iritsiko balitz, horren eragina heldutako fuel kopuruaren eta kostalderaino heltzen igarotako denboraren araberakoa izango litzatekeela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, "oso aukera gutxi" daude orbana EAEko kostaldera heltzeko.