Gizartea -

GERTAKARIA

23 urteko mutil bat hil da Bermeoko etxebizitza batean izandako sutean

Askatasuna Bideko eraikin bateko lehen solairuan piztu da sua, 04:50 inguruan. 30 bat pertsona atera behar izan dituzte euren etxeetatik.

Lehen solairuko etxebizitzetako batean piztu da sua. Argazkia: Luis Seron, Euskadi Irratia.
Sua piztu den eraikina, Bermeon.
23 urteko mutil bat hil da Bermeon, etxeko sukaldean piztutako sute baten ondorioz

1:32

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

23 urteko mutil bat hil da, gaur goizaldean, Bermeoko etxebizitza batean izandako sutean. Haurdun dagoen 34 urteko emakume bat artatu behar izan dute larrialdietarako zerbitzuek, kea arnastu duelako.

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azaldu duenez, "sutea berez ez da hainbesterainokoa izan, baina ke-laino handia zabaldu da, eta badirudi, kea arnastu duelako hil dela mutila".

Askatasuna Bideko sei solairuko eraikin batean piztu da sua, 04:50 inguruan.

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko. Antza, lehen solairuko etxebizitza bateko sukaldean hasi da sutea: berotzen ari ziren lapiko batean piztu da, eta ondoren kanpaira zabaldu.

Ke-laino handiaren ondorioz, sutea izan den eraikinean zeuden 30 bat pertsona euren etxeetatik atera dituzte. 08:15 ingururako sutea guztiz itzalita zegoen, eta bizilagunak euren etxeetara bueltatzen hasi dira.

Suhiltzaileak, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Babes Zibileko boluntarioak joan dira gertakarien tokira.

Elkartasuna

Bermeoko Udalak gaztearen heriotzagatik "samina" agertu du, eta bere "elkartasuna eta doluminak" helarazi dizkie biktimaren senitartekoei.

Bideguren alkatea hildakoaren familiarekin bildu da goizean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bizkaiko albisteak Suteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa