Gizartea -
Adingabeen Fiskaltza
Itxialdi-neurriak ezarri dizkiote Arrasaten hildako umetxoaren ama adingabeari
Adingabea igandean auto baten azpian hilik agertu zen haurtxo jaioberriaren ama biologikoa dela baieztatu du Ertzaintzak.
Agentziak | Erredakzioa
Arrasaten umetxo jaioberri bat abandonatu zuen 17 urteko neska adingabeen zentro batean barneratzeko agindua eman du Gipuzkoako Adingabeen Fiskaltzak, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Haurtxoa ordu batzuk geroago hil zen.
Adingabea Debagoienako ospitalean egon da igandetik, baina astearte honetan medikuen sendagiria jaso du, eta Fiskaltzaren esku jarri dute. Galdekatu ondoren, zentro batera bidali du fiskalak.
Adingabea, igandean, Galizia kalean, auto baten azpian hilik agertu zen haurtxo jaioberriaren ama biologikoa dela baieztatu du Ertzaintzak.
Neska Nafarroako herri batean bizi da, baina amona sarri bisitatzen zuen Arrasaten. Asteburua Gipuzkoako herrian pasa zuen, eta bertan erditu zen, ikertzen ari diren inguruabarretan.
Umetxo jaioberria, antza denez, neskatila bat, auto baten azpian aurkitu zuen herritar batek. Bizilagunak odola ikusi zuen lurrean.